mendifilm

Mendiaren inguruko zazpi film ikusi ahal izango dira Igorren

Bea Azpiri 2023ko mar. 22a, 10:15
'Agur Artzai' filmaren fotograma.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiko pelikula onenetarikoak eguen eta barikuan egongo dira ikusgai Kultur Etxean, 19:30etik aurrera.

Ganzabal Mendi Taldeak antolatuta, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 2022ko pelikularik onenetako zazpi, ikusi ahal izango dira, martiaren 23an eta 24an, 19:30ean, Igorreko Lasarte Aretoan. Janire Etxabek zuzendutako Iretargi filmak zabalduko dau aurtengo mendiko pelikula zikloa Igorren eta Agur Artzai, Egoland, Not Alone, This is Beth, New Way Up etaDe l’ombre a la lumière filmek osotuten dabe kartela.

Eguenean

Egueneko saioan, iraupen labur edo ertaineko lau film ikusi ahal izango dira: Iretargi, Agur Artzai, Egoland eta Not Alone filmak hain zuzen be. Iretargin, Janire Etxabek jantza bertikala eta eskaladea buztartzen ditu. Azkenetan dagoan bizimodu bat erretratetan dau Julen Zubieteren Agur Artzai filmak: Gorbeian geratzen diran atzen artzainen bizimodua. Ignasi Lopezek zuzendutako Egolandek barriz, Marek Molek eta Bruno Grassik,The GreatTroll mendian egindako eskaladea kontetan dau. Egueneko saioa amaituteko, Heather Moser kanadiarraren Not Alone pelikulea egongo da. Mendian laguna hiltearen ondoko traumearen gainekoa da pelikula hau.

Barikuan

Beste hiru filmak, hurrengo egunean, hilak 24 ikusi ahal izango dira. This is Beth pelikuleak Beth Rodden eskalatzailearen historia dakar. El Capitanen igoera asko egin ditu, baita punta-puntako lehen igoera ugari be. Jen Randall da film honen zuzendaria. Jake Hollandek zuzendu eban New Way Up filma. Pelikula honetan, Himalaiako eskaladan norabide barri bat ezarri dauan bidaia epikoa kontetan da. Izan be, Gulmit Tower-eko (Karakorum) oinarrira ailegetako Fabi Buhl-ek eta Will Sim-ek parapentea erabili eben. Amaitzeko, Sebastien eta Davina Montaz-Roset zuzendari frantziarren De l’ombre a la lumière filmak, Charles Dubouloz alpinisteak Grandes Jorasses-en (Chamonix) ipar isurialdeko "Rolling Stones" bidea neguan eta bakarrik egin ebaneko kontakizuna dakar.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!