UEMAk bultzatuta, euskerazko hamaika proiekzino egin dira atzen hileetan lau herritan, Igorre tartean; filmak, telesailak, dokumentalak eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala egon dira ikusgai.
Proiektuari amaierea astegoien honetan, domekan hilak 19, 17:00etan emongo deutso Elkano, lehen mundu bira euskerazko animazino filmak. Magallanesek hasi eta Elkanok amaitu eban bidai ezaguna kontetan dau pelikuleak. Sevillatik bost itsasontzi urten eta hiru urte beranduago, bakarra itzulita, planetearen biribiltasuna behin betiko frogatu eban abentura harek.
Proiektua
Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak, Tinko Filmeak-en laguntzeagaz, ZINUEMA egitasmoa aurkeztu eban Donostian urrian, proiektu honen probea egin dan udalerrietako ordezkari eta Kulturaz kooperatibeagaz. Ataun, Azpeitia eta Etxarri-Aranatzeko udal-ordezkariakaz batera egon zan bertan Illart Gumuzio Igorreko alkatea. Egitasmoaren oinarria euskerazko hamabi filmen programazinoa izan da, "zinema aretoetan dagoan euskerazko eskaintza urriari erantzuteko asmoz" adierazo eban orduan. Lau herritan eroan da aurrera proiektu pilotua, oin emaitzak balorauko dira, ekimena denporan eta espazioan zabaldu daiteken ebazteko.