Atzo aurkeztu eban Errezilen (Gipuzkoa) Mondragon Korporazioaren parte dan Domusa Teknik enpreseak bere proiektu barria: Domusa Teknik Team. Berogailuentzako produktuak fabriketan dauzan enpreseak trail munduan egingo dau apustua, mundu mailan lehiatuko dan euskal herritarrez osotutako taldea buztartuta. Izan be, finkatu daben helburuetako bat Euskal Herriko talde erreferentea izatea da.
Punta-puntako bederatzi korrikalarik hasiko dabe ibilbidea, euren artean dago Onditz Iturbe igorreztarra. Gogotsu ikusi jako sare sozialetan: "Proiektu anbiziotsu bezain polita; bertigo apur bategaz baina burrukarako prest eta gogotsu!". Beragaz batera egongo dira Ibai Angulo azpeitiarra, Borja Zubizarreta azkoitiarra, Aritz Egea urretxuarra, Goar Lopetegi ibartarra, Ainara Urrutia aretxabaltarra, Aitor Ajuria leintz-gatzagarra, Irati Azkargorta iturmenditarra eta Alvaro Ramos iruindarra.
Horrezaz gain, korrikalari gazteen formazinoan laguntzea be topauko dau taldeak eta horretarako, entrenamentu irekiak antolatuko ditue berbarako. Bertan, Domusa Teknik Teameko kideek hartuko dabe parte eta kirol maila minimoa eta korrika egiteko gaitasuna daukan edonor batu ahalko da entrenamenduetara.
Taupada urdina
Txirrindularitzan Euskaltelek laranja koloreagaz egin eban modura, Domusa Teknik Teamek urdinez bete gura ditu mendi-lasterketak. Euskal zalegoaren indarra trail mundura erakartea da helburua eta urdinagaz, talde izakerea buztartutea. Jentea animetako, sare sozialetan eta lasterketetan hainbat ekimen, erronka eta deialdi egingo ditue.