zinuema

'Gabi: 8 urtetik 13 urtera' dokumentala dakar domekan Zinuemak

Asier Abrisketa 2023ko urt. 19a, 12:01

'Gabi' pelikulearen fotograma.

Aurretik, umeentzako pelikulea egongo da ikusgai Lasarte Aretoan: Inspector Sun y la maldición de la viuda negra.

Domekan, hilak 22, pelikula bi proiektauko dira Igorreko Kultur Etxean. Ohiko programazinoaren parte dan umeentzako filma 17:00etan, Inspector Sun y la maldición de la viuda negra, eta Zinuemaren programazinoaren parte dan euskerazko dokumentala 19:30ean, Gabi: 8 urtetik 13 urtera.

Inspector Sun y la maldición de la viuda negra (Julio Soto Gurpide, 2022) animazinozko pelikula onenen artean egon da izentauta Goya Sarietan. Holan dino sinopsiak: Shanghai, 1934. Gizakienaren pareko intsektu-mundu batean, Sun Inspektore beteranoa, armiarma bakartia, bere arerio Langosta Gorriaren aurkako atzen misinoaren buru da, merezitako erretiroa hartu aurretik. Baina Pan Am Clipper hegazkin batean, Shanghai eta San Frantzisko artean, Spindelthorp doktore dirutsua hilten dabenean amaituko dira oporrak. Sunentzako errutinazko kasu bat bezala hasten danak, gizateriaren patua ebatziko dau atzenean.

Gabi: 8 urtetik 13 urtera (Engeli Broberg, 2021) pelikula suediarra barriz, nerabezarora bidean dagozan umeen transexualidadearen inguruko dokumentala da. Holan laburtuten dau istorioa sinopsiak: Gabik Gabi izan gura dau. Desira horrek erraza dirudi, baina ez da. Gabi desbardin sentitzen da. Nahiz eta bere bizitzako 8 urteetan gauzak argi esateak ez deutsan inoz arazorik ekarri. Baina familia herri txiki batera joan eta pubertarora heltzean danean, gauzak aldatzen hasten dira.

Go!azen datorren astean

Zinuemaren egitarauan, hilaren 29ko proiekzinoa izango da Go!azen euskal telesailaren bederatzigarren denporaldiko atzen kapituluaren aurre-estreinaldia Lasarte Aretoan, 17:00etan. Egunean bertan jente pilaketak eragozteko helburuagaz, astelehenean eta martitzenean egingo da aurre-salmentea.

Astelehenean Zinuema bonuak dabezanek lortu ahalko dabez sarrerak 19:00etatik 20:00etara, personako bi gehienez. Sarrera arruntak barriz, martitzenean salduko dira ordutegi bardinagaz, baina personako lau erosi ahalko dira. Domekan, soberan dagozan sarrerak salduko ditue.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!