EH Bildu

EH Bilduk Igorrerako herri proiektua berrikusi eta eguneratuko dau

Asier Abrisketa 2022ko abe. 7a, 12:04
Igorreko EH Bilduren herri batzarra.

Ilbanduz indartu: Igorre 2030 entzute prozesu bategaz hasiko da: "Herri proiektuaren helburua da inor baztertu barik igorreztarrak babestuko gaituan jantzi barria ilbandutea".

Ilbanduz indartu: Igorre 2030  Igorreko EH Bilduk bere herri proiektua berrikusi eta eguneratzeko abiatu dauan prozesua da. Herriko alkarte, eragile eta norbanakoak entzuten hasi gura dabe politiken berrikusketea. Hurrengo asteen batuko dira honeekaz eta gainera, norbanakoak entzuteko hitzordu bat be antolatu dabe hilaren 17an, Igorreko Kultu Etxean 10:30ean.

"Gauzak azkar aldatzen diran sasoian" eta "ziurbakotasuna nagusi dan garaian", bere herri proiektua eguneratu gura dau EH Bilduk: "Aitagarria da udaletik atzen lau legealdietan egin dan lana, eta askotan errepetiduten dogun moduan, erakutsi dogu badakigula hanka bat udaletxean eta bestea herrian izaten. Horregaitik, oingoan be, komunidadeagaz batera egin gura dogu lanketa hau, igorreztarrakaz eta Igorrerentzako. Herri proiektuaren helburua da inor baztertu barik igorreztarrak babestuko gaituan jantzi barria ilbandutea".

Pandemiak, gerrak eta atzen urteotako beste gertakariak medio, "babesten omen gintuen sistemearen jantziak urratu" dirala dino ezker abertzaleak, eta beraz, kapitalismoaren mugak eta bakotasunak agirian geratu dirala: "Horren ondorioz hainbat persona babes barik dabil geldituten, bizitza duina izateko aukeratik urruntzen doa gitxika-gitxika, eta gizarte kohesinoa arriskuan dago. Egun egoera honetan egotea ez da kasualidadea, ez da aurreikusi ezin eitekean fenomeno meteorologiko bat, hartutako bide eta ebatzien ondorioa da".

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!