zinea

Domekan hasiko dira Igorren Zinuema programako proiekzinoak

Asier Abrisketa 2022ko aza. 25a, 10:00

'Zure platerean hasten da mundua' dokumentaleko fotograma.

Zezeilera arte, euskerazko hamabi ikus-entzunezko egongo dira ikusgai UEMAren proba pilotuari esker. Lehena, Zure platerean hasten da mundua dokumentala.

Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak, Tinko Filmeak-en laguntzeagaz, Zinuema egitasmoa aurkeztu eban urri bigarrenean, proiektu honen probea egingo dan udalerrietako ordezkari eta Kulturaz kooperatibeagaz. Ataun, Azpeitia eta Etxarri-Aranatzeko udal-ordezkariakaz batera egon zan Illart Gumuzio Igorreko alkatea. Egitasmoaren oinarria euskerazko hamabi ikus-entzunezkoren programazinoa izan da, "zinema aretoetan dagoan euskerazko eskaintza urriari erantzuteko asmoz". Lau herritan hasiko dan proiektu pilotua da aurtengoa eta emoitza onak emon ezkero, herri gehiagotara luzatuko da egitasmoa.

Igorreko lehenenego proiekzinoa domekan, zemendiak 27, 17:00etan egingo da Lasarte Aretoan. Bertan, Zure platerean hasten da mundua dokumentala proiektauko da. Landarlan Ingurumen Elkarteak eta On Produkzioak elkarlanean egindako lana da hau. Konsumo ohitura arduratsuen inguruko hausnarketa bultzatu gura dau eta horretarako, Euskal Herriko txoko desbardinetako ekoizle eta baserritar txikiei emoten deutso ahotsa filmak. Gero, berbaldi labur bat be egingo da aretoan bertan.

Hurrengo asteetan proiektauko diran ikus-entzunezkoak ostera, hurrengoak dira: Izurde mutikoa, Lupin III, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, The Snow Queen, Nire zirkua, Black is Beltza II: Ainhoa, Gabi, Emakumea film laburra (bost laburmetrai), Elkano. Lehen mundu bira, Go!azen telesailaren atzen kapitulua eta Irabazi arte bigarren denporaldiko lehen kapitulua.

ZINUEMA bonuak

Lanak ikusteko, saio bakotxeko sarrerez gainera, bonu sistema bat egongo da, eta 20 euroren truke 10 eduki malgutasunez ikusteko aukerea egongo da. 1.500 bonu inprimau dira, eta sarrerak txartelakaz trukatu beharko dira emonaldien aurretik. Bonua erosten dabenek sarrera merkeagoa izango dabe eguneko txartela erosten daben norbanakoek baino.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!