Kontzertua

Zapatuan helduko da Igorrera 'Udagoieneko Ostera: Katebegiak' kontzertu zikloa

Bea Azpiri 2022ko aza. 11a, 10:54
Niko Etxart, EHZ jaialdian // EHZ

Niko Etxart eta Kerobiaren kontzertuak eta Txikiren umorezko bakarrizketea egongo dira entzungai Lasarte Aretoan.

Euskaltzaleen Topaguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Udagoieneko Ostera ekimenaren barruan, zapatuan, hilak 12, 20:00etan, Niko Etxart eta Hapa Hapa taldeak eta Kerobiak Igorreko Lasarte Aretoan joko dabe. Jon Martinez "Txiki" bakarlariak ipiniko dau umorea emonkizunean.

Udagoieneko Osteraren aurtengo edizinoak, Musikaren Katebegiak dauka izena eta sasoi desbardinetako musikearen arteko transmisinoa erakutsi gura dau. Lau herritan egingo dira emonaldiak, Igorren, Bilbon, Zallan eta Berrizen, hain zuzen be. Emonaldi bakotxak 45 minutuko zati bi izango ditu.

Igorreko Euskaraldiako batzordeak ikuskizunerako hamar sarrera zozketauko dauz, sarrerenzozketa@gmail.com helbidera idazten dabenen artean.

Niko Etxart eta Kerobia

Errobi taldeagaz batera, euskeraz abestutako rock musikearen aurrendarietako bat da Niko Etxart; izan be, euskal rockaren zimenduak ipini ebazan 1970eko hamarkadan. Bakarkako lau disko; Minxoriak taldeagaz, bi, eta Hapa Hapa taldeagaz beste disko bi kaleratu ebazan. Niko Etxartek, rockaz gainera, musika tradizionala be landu dau.

Kerobia taldea 2001ean sortu zan Iruñean. Sei disko kaleratu eta 2014ean taldea desegin zan. 2021ean barriz alkartu eta Hilak diskoa atera eben, taldearen ibilbideko zazpigarrena. Kerobiak egiten dauan pop-rockak kritika espezializauaren oneretxia eta milaka jarraitzaileren goresmena jaso dau urte guztiotan.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!