udal hauteskundeak

Olatz Urkiza izango da Igorreko EAJren alkategaia

Asier Abrisketa 2022ko aza. 7a, 17:01

Alkatetza berreskuratu eta Igorre "berpizteko" izentau dau EAJk 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetarako hautagai barria.

Andere Ortuzar izan da Igorreko jeltzaleen alkategaia atzen hauteskunde bietan baina alkate heltzera izan barik pasau dau lekukoa. Oin, Igorreko Euzko Alderdi Jeltzaleak jakinarazo dauanez, Olatz Urkiza Atutxa (Igorre, 1977) izango da 2023ko maitzaren 28an egingo diren udal hauteskundeetako hautagaia. Urkizak BEGITUri bialdutako komunikatuan aldarrikatu dau: "Igorre berpiztera gatoz".

Atzen legegintzaldietan udal taldearen parte izan ez bada be, Urkizarentzat ez da barria izango esperientzia. Izan be, zortzi urtez zinegotzi izandakoa da, 2007tik 2015era; oposizinoan izan da beti, EAJk 2007an galdu eban eta alkatetza. Holan, oposizinotik be EAJk egindako lana azpimarratu gura izan dau: “Beste aldean egonda, ezinezkoa izan da proiektu handiak aurkeztea, baina lan handia eta oso ona egiten dauan udal talde bat dogu; gatazkarik sortarazoten ez dauana eta proposamenak egiten dituana".

Kontrara, EH Bilduk herria "noraezean" gidatu dauala kritikatu dau. Ezker abertzalearen lidergotza ezak "desgobernua eta konpondu ezin dan gelditasuna" eragin dauala seinalau dau eta euren programea bete ez dabela gehitu: “Hasikera baten saldu eben guztitik ez dabe ia ezer egin; auzoei kasurik be ez deutsie egiten; kultur eskaintza ia ezereza da, ez gazteentzat, ez adinekoentzat; gure kaleen oinarrizko mantentze-lanak be ez dira ikusten”.

Irabazi ezkero, legegintzaldiko eginkizunen artean hainbat gai zerrendatu dauz Urkizak. Auzoen mantentzea etea garbiketan ipini dau helburu nagusia: irisgarritasuna hobetu, azpiegiturak birgaitu, uri-altzariak aldatu eta argiak barriztau berbarako. Bestetik, "industrialdearen hobekuntza bultzatu eta adin guztietarako agenda kultural bat" proposatuko dauala aurreratu dau.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!