Gau Baltza

Gaztaina eta jantza artean ospatuko da Arimen Gaue Igorren

Asier Abrisketa 2022ko urr. 26a, 11:21

Barikuan, arrastitik gauera arteko egitaraua antolatu dabe Igorreko eragile desbardinek; Kultur Etxeko plaza izango da jai gunea.

Arimen Gaua, edo Gau Baltza, ospatuteko tradizinoa berreskuratuteko lanketea egin da Igorren atzenaldian eta aurten emon ditu bere frutuak, eragileek alkarlanean antolatutako egitarauagaz. Holan, urri lehenengoaren 28an ospatuko da Arimen Gaua arrastitik iluntzera, Kultur Etxe inguruan. Igorreko Udalagaz eta UEMAgaz batera antolatu dabe jardunadia Guraso Elkarteak, Zaztaparrak Asti Taldeak, Igorreko Jubiladuen Elkarteak, Arantzarte jantza taldeak, Bizi Igorrek eta Maratuk.

"Xanduli, manduli, Kikirriki, emon gaztainak guri!"

Hasteko, Maratu gazteria zerbitzuak antolatutako Escape Room-a egongo da 15:00etatik aurrera zabalik. Taldean egiteko proba honetan parte hartzeako aldez aurretik emon behar da izena 688 898 765 telefonora deituta. Gero, umeek ludotekea apainduko dabe 17:00etatik 18:30era eta eskulanak egiteko aukerea be egongo da, kalabazak eta mozorroak berbarako. Ostean, ipuin kontaketa bat egongo da entzungai.

Iluntzean barriz, 19:30etik aurrera, "ziria ala sariaren" truke gaztaina erreak banatuko dabez jubiladuek eta amaitzeko, Arantzarteko kideek Arimen Gaueko jantza emonaldi berezia eskainiko dabe.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!