Igorreko Kultur Etxean hainbat ikastaro dagoz hasita baina euretako batzuetan, plaza libreak dagoz oindino be: umeen akrobaziak, yoga, hipopresiboak eta literatura tailerrean. Plazak beteteko, Igorren erroldatutako bizilagunek urri bigarrenaren 19tik 25era emon ahalko dabe izena eta hilaren 26tik aurrera, igorreztarrak ez diranei be zabalduko jakie aukerea. Izena oin emoten dabenek zemendian hasi ahalko ditue klaseak. Gainera, abenduan 2023ko ikastaroetarako plaza barriak urtengo dirala argitu dabe Kultur Etxetik.
Umeen akrobazia ikastaroan berbarako, hiru talde dagoz eta martitzenetan izaten dira saio guztiak. Hasibarrien klasean hiru plaza libre dagoz; saio honeek zazpi eta hamabi urte bitartekoentzako dira, 16:40tik 18:00etara. Hasibarriak ez diran zazpi eta hamabi urte bitarteko taldean barriz, plaza bakarra dago eta saio honeek 18:00etatik 19:20ak arte izango dira. Hamabi urtetik gorakoentzako be badago plaza libre bat, saio honeek 19:20etik 20:20ra arte izango dira.
Yoga klaseak ostera, martitzen eta eguen goizean Kultur Etxean, eta arrastietan eskolan emoten dira. Lehenengo taldeak 11:30etik 13:00etara praktiketan dau eta plaza bakarra dago libre. Arrastiko taldean barriz, 18:15etik 19:45era, beste plaza bat dago libre.
Hipopresiboak ikastaroaren saioak be martitzenetan dira, Kultur Etxeko jantzagelan. Talde bi dagoz, 17:00etatik 18:00etara batetik eta 18:15etik 19:15era arte bigarrena. Aukera bietan dagoz plazak libre, bi lehenengoan eta bost bigarrenean.
Amaituteko, literatura tailerra be emongo da Kultur Etxean. Honek saio bi baino ez ditu izango, zemendiaren 21ean eta abenduaren 19an, 17:00etan hasi eta 18:30ak arte. Bertan bost plaza dagoz hutsik.