auzoak

Eguen eta barikuan ospatuko dira sanmigelak Garben

Asier Abrisketa 2022ko irailaren 28a

Argazkia: Igorre Sarean.

Eguen eguerdian Mikeleko ermitan egingo da ospakizuna eta bariku arrastian Garbeko landetan; eguraldi txarra egiten badau ostera, Kiñu Gaztetxean.

Garbe eta Mikeleko jaia da San Migel eta eta urtero lez, San Migel ermitako mezeagaz emongo jako hasierea ospakizunari. Hilaren 29an, mezea 12:00etan izango da eta gero, barauskarria egingo da trikitixek girotuta. Barikuan barriz, hilak 30, arrasti osorako plana antolatu dau Garbeko Jai Batzordeak, Kiñu Gaztetxearen laguntzeagaz.

Ekintzok Garbeko landan egiteko dagoz pentsauta, baina euri arriskua egon ezkero, Kiñu Gaztetxera mobiduko dira. Holan, 17:00etan ludoteka zerbitzua egongo da eta 18:00etan, Zirika Zirkus konpainiaren Egunon sikiera umeentzako ikuskizuna. Jantzatu, abestu eta jolastu ostean, danentzako mokautxoa egongo eta Kiñu Gaztetxeak barrea zabalduko dau edana zerbitzatzeko.

Iluntzean barriz, eguraldia ona bada gaztetxearen landako aldean eta txarra bada barruan, zuzeneko musikea egongo da. 20:30ean Nayck MC Garbeko raperuak abestuko dauz kanta propioak, gero inprobisazinoakaz jarraituteko. Ostean, Ibis Templun dj arratiarrak ipiniko dau musikea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!