Mendia

Zidarra lortu dau Onditz Iturbek Comapedrosako Skyrace-an

Asier Abrisketa 2022ko abu. 1a, 10:27

argazkia: Skyrace Comapedrosa

Gorbeia Suzien lasterketan jokatuko dan Munduko Kopako finalerako sailkatzea lortu dau korrikalari igorreztarrak.

Andorran jokatu da Skyrunner World Series-eko zortzigarren lasterketea, Arinsal herriaren eta Fonts zein Comapedrosa tontorren artean, herrialde piriniarreko teilatua hain zuzen be. Bertan egon da Onditz Iturbe eta bigarrena ailegau da helmugara. Lehenengoen artean egotea gatx ikusten baeban be, atzenean lortu dau podiuma zapaltzea; "itzel, oso pozik eta gustura!" izan dira bere berbak. Holan, lehenengo hamarren artean egon danez, jarraian sailkatu da Munduko Kopako finalera, Zeanurin jokatuko dana, Gorbeia Suzien.

Ibilbideko 24 kilometro eta 2.400 metroko desnibela gainditzeko 3 ordu, 51 minutu eta 4 segundo behar izan dauz igorreztarrak. Lehenengoa barriz, bederatzi minutu arinago heldu da Arinsalera, txapelketako liderra dan Lindsay Webster kanadiarra. Podiuma Iris Pessey frantziarrak osotu dau, Iturbe baino ia minutu bi beranduago helduta.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!