txirrindularitzea

Kadete mailako txirrindulari lasterketea jokatuko da zapatuan

Asier Abrisketa 2022ko uzt. 7a, 11:33

AZEk antolatu dau Igorren hasi eta Zeanuira joan-etorria egin ostean, San Kristobalen amaituko dan lasterketea.

Arratiako Ziklista Elkarteak, Igorreko jaietako urteroko lasterketea antolatu ezin izan dauanez San Kristobaleko jaietara mobidu dau aurtengo karrerea. Garagarrilaren 9an, 10:00etan urtengo dira Bizkaia eta Kantabriako 80 txirrindulari gazte, Bizkaiko Kopako proban. Partaideak Igorretik urten, Zeanurira heldu eta Karpon ezkerretara jota Igorrera bueltauko dira, San Kristobaleraino heltzeako, 11:30ak inguruan.

Parte hartuko daben AZEko txirrindulariak Arteako Oihan Agirre, Igorreko Markel Ealo, Dimako Txaber Lazpita eta Lemoako Aimar Elorriaga izango dira. Mikel Zarrabeitia eta Jose Ramon Uriarte ziklista ezagun izandakoek prestatu dabez euren, eta eskolako beste txirrindularien, entrenamentuak.

Frantziako Tourraren Eguna Igorren

Bizkaian 18 herri aukeratu ditue 2023an, Frantziako Tourraren Eguna antolatuteko eta euretako bat Igorre da. “Tourrari buruzko historia, Bizkaiko txirrindulariek izan daben papela Tourrean, eta pistak egongo dira, ondo dabizanak praktiketako eta ikasi gura dabenek ikasteko. Tourreko denda bat be egongo da. Frantziako Tourraren zatitxo bat herrira ekartea lez izango da” dino Aurrekoetxeak. Lasterketearen aurretiko atzen Tour Eguna izango da Igorrekoa.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!