jaiak

Bihar hasiko dira Gezalako jaiak

Asier Abrisketa 2022ko eka. 2a, 16:43

Barikuan film emonaldiagaz eta zapatuan txapelketa, jolas eta erromeriagaz ospatuko ditue auzoko jaiak.

Igorreko Gezala, edo Basauntz, auzoko jaiak ospatuko ditue astegoien honetan. Bagilaren 3an hasi eta zapatuan izango dabe jarraipena. Barikuan, egitaraua 21:30ean hasiko da, Erlauntza filmaren proiekzinoagaz. Mireia Gabilondoren komedia honetan,  andra-talde bat festarako batzen da baina plana ez da ondo urtengo, aspaldiko eta oingo trapu zaharrak argitara urteten dira-ta.

Zapatu goizean barriz, argazki erakusketeagaz hasiko dabe eguna. Gero, tortilla eta paella txapelketetarako kozinau bitartean, umeentzako tailerrak egongo dira. Arrastian be egongo dira umeentzako tailerrak, briska eta mus lehiaketak jokatu bitartean. Amaitzeko, Kittu taldearen erromeriagaz jantzan egiteko aukerea egongo da.

Egitaraua

Bagilak 3, barikua

  • 21:30ean, film emonaldia Gezalako plazan, Erlauntza pelikulea. Ikusleen artean txokolatea eta bizkotxoak bananduko dira.

Bagilak 4, zapatua

  • 11:30ean, argazki erakusketea.
  • 11:30etik 12:00etara, Paella eta Tortilla txapelketetarako izen emoteak.
  • 12:30ean, umeentzako tailerrak Urtxintxa eskolak dinamizauta.
  • 14:00etan, tortillen aurkezpena.
  • 14:30ean, paellen aurkezpena.
  • 16:00etan, Briska eta Mus Txapelketetarako izen emoteak.
  • 16:30ean, Briska eta Mus Txapelketak.
  • 16:30ean, umeentzako jolasak Urtxintxa eskolak dinamizauta.
  • 18:00etan, Kittu taldeagaz erromeria. Erromeria amaitu eta gero, parrilladea egongo da bertan dagoan jentearentzat.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!