Antzerkia

'Emakumeak lehen lerrora' pastorala aurkeztuko dabe Igorreko eskolako ikasleek

Asier Abrisketa 2022ko eka. 1a, 12:18
argazkia: Euskadiko Filmategia

Bariku arrastian taularatuko dabez Graziana Barrenetxea, Maurizia Aldeiturriaga eta Maialen Lujanbioren istorioak Kultur Etxean.

Igorreko eskolako 6. mailako ikasleek Loraldia alkartearen laguntzeagaz antolatu dabe Emakumeak lehen lerrora pastorala. Holan, bagilaren 3an aurkeztuko dabe andren espazio publikoaren eskuratzea kontetan dauan antzezlana, 16:00etan Lasarte Aretoan. Ahalduntze prozesua hiru momentu, hiru leku eta hiru personajeren bidez azalduko dabe.

Istorioa XVII. mendeko Zugarramurdiko plazan hasten da. Orduan, Inkisizinoak sutara kondenau eban, sorginkeria egotzita, Graziana Barrenetxea. Holan, andren presentzia publikoa galarazo zan sasoia gogoratuko da. Hurrengo istorioak, 1978ra egiten dau salto, Maurizia Aldeiturriaga Egiako plazan kantari ebilen garaia hain zuzen be. Ibon Iza irakasleak dinoanez, "andra bat, bera konturatu barik be, iraultza egiten egoan". Iraultza zan-eta, espazio publikoan jardutea eta bere burua goratzea. Amaitzeko, 2017ko Bertso Txapelketako finalera egingo dau salto antzezlanak. Orduan, Maialen Lujanbiok txapela irabazi eta "bertsolaritzearen tradizino errotuagaz apurtutea lortu eban, bidea zabalduz".

Urte osoko lana

Naia Arantzamendi gidoigile ondarrutar gaztearen gidoiagaz, seigarren mailako hiru tutoreak eta Erika Uranga, Loraldiako dinamizatzailea, ikasleakaz egon dira lanean ikasturte osoan ikuskizuna aurrera aterateko. "Batzuek musikea egiten dabe, beste batzuek atrezzoa, beste batzuek antzerkia, beste batzuek bertsoak... bakotxak bere lana hartu dau eta gu lagunduten egon gara" azaldu deutso BEGITUri Ibon Iza seigarren mailako tutoreak. Seigarren mailako hiru gelak; hau da, 58 umek, hartu dabe parte, Zuberoako pastoralaren egitureagaz, disziplina ugari batzean dituan ikuskizun honetan.
 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!