zinea

Zinegoak jaialdiko sei film egongo dira ikusgai Igorren

Asier Abrisketa 2022ko mai. 4a, 10:00
argazkia: No deberías, Maider Garcia

Les filles ne marchent pas seules la nuit, No deberías, Elsa, Berak baleki, 17 minutos con Nora eta To The Future, With Love dira maiatzaren 6an, Lasarte Aretoan proiektauko diran film laburrak, 20:00etan.

Bariku iluntzean, Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 19. Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko sei film labur ikusteko aukerea egongo da Igorreko Lasarte Aretoan. Zezeila eta martia bitartean Bilbon ospatu dan zinema festibalak "gure burua birpentsau eta berraurkitzeko" asmoa dauka. Hau sexu-identidade- eta genero-aniztasunari ikusgarritasuna eskaintzen deutseen kultur proposamenen bidez egiten dau.

Les filles ne marchent pas seules la nuit

Katerine Martineau zuzendari kanadiarraren 2020ko filma da Les filles ne marchent pas seules la nuit. Institutuko gaueko graduazino festa baten ondotik, Chantal eta Delphine bakarrik abiatuko dira etxerantza oinez. Basoan galduta, desirak hartuta egingo dabe gaueko ibilbide luzea. Jatorrizko bersinoan, frantsesez, euskera eta gaztelaniazko azpitituluakaz ikusi daiteke 17 minutuko film hau.

No deberías

Euskal Herriko Maider Garcia Merinorena da No deberías film laburra. Garcia Merinok dilema bat planteetan deutso protagonisteari filman. Iratxe protagonisteak 21 urte ditu, eta unibersidadeko azken urtea amaitzen dago. Neska-lagunagaz lehen urteurrena ospatu aurreko egunetan, espero ez eban albiste bat ekarriko deutso haurdunaldi testak. Badaki lehenbailehen kontau behar deutsala Norari, baina badaki lur jota itxiko dauala, ez zalako erraza izan ebaztea sexua berresleitzeko ebakuntzarik ez egitea. Jatorrizko bersinoan, gaztelaniaz, botako dabe No deberías.

Elsa

Albert Carbó zuzendari kalanaren pelikulea katalanez dago eta euskera eta gaztelaniazko azpituluakaz ikusi ahal izango da. Transexualidadea haurtzaroan da filmak jorratzen dauan gaia. Elsak 6 urte ditu eta bere edadeko umeek lez, zoriontsu eta aske bizi gura dau. Eta badaki bera desbardina izan arren, neskea dala.

Berak baleki

Euskeraz dago Aitor Gametxoren filma. Filmak Martinen istorioa kontetan dau; behar egiten dauan platoa egunero ilusinoz beteten badau be, bere bizitza personalean hutsune handi bat sentiduten dau.

17 minutos con Nora

Imanol Ruiz da Larak zuzendutako filmak nerabe baten istorioa kontetan dau. Nora, jagokon ez gorputzean harrapatutako neska bat da, aitaren oneretxia bilatzen dauana. Antzerkia asko gustetan jako baina aitak pentsetan dau horrek ez daukala etorkizunik. Bien bizitzak guztiz aldatuko dira, bere benetako identidadea aitari erakusten deutsanean. Gaztelaniaz dago.

To The Future, With Love

Animazinozko pelikula batek osotuten dau emonaldia. Shaleece Haas estatubatuarrak zuzendutako film honetan, Hunter Jimenez "Pixel", Guatemalako etorkin familiako nerabea, bere familiaren espektatiba eta bere urruneko mutil lagunagaz zoriontsu biziteko ametsen artean harrapatuta sentiduten da. Ingelesez eta euskeraz eta gaztelaniazko azpitituluakaz egongo da ikusgai.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!