Kiñu GZTX

Kurkuma eta Eskean Kristö taldeek eskainiko dabez kontzertuak Kiñu Gaztetxean

Asier Abrisketa 2022ko api. 28a, 16:52

Zapatuan, Eskean Kristören atzen kontzertua izango danagaz zarratuko da gaztetxearen zortzigarren urteurreneko programazinoa.

Gau berezia izango da aprilaren 30ekoa Kiñu Gaztetxean, bai gaztetxearentzat eta bai musika arratiarrarentzat. Izan be, zapatuan amaituko dira Kiñuren zortzigarren urteurreneko ospakizunak. Oingoan, ospatzeko arrazoiakaz gainera, gazteek Sabadell bankuari lehenengo epaiketea irabazi deutsee eta, bankuko abogaduak aurkeztu ez diralako. Bestetik Eskean Kristök, atzen urteetako banda arratiar entzutetsuenak, etapa bat zarratuko dau zapatuan, Kristonak moduan bueltau aurretik.

Zapatuan, 21:30ean zabalduko dira Kiñu Gaztetxeko ateak. Taula gainean, Kurkuma talde nafarra izango da lehenengo taldea. Maiatzaren 13an argitaratuko daben Bel3zidorrean diskoaren aurrerapen bat entzuteko aukera aparta. Gero igongo dira oholtzara Eskean Kristöko taldekideak, proiektuari agur bero bat emon eta hurrengo etapea indarrez hasteko. Izan be, oindik aurrera Kristonak izenagaz identifikau beharko dira.

Sarrerak Igorreko Axular herriko tabernan, Arantzazuko Montero tabernan eta Areatzako Bixer tabernan dagoz salgai sei eurotan, gaur atzen eguna. Gero, zapatuan bertan gaztetxean salduko dira soberan geratu diran sarrerak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!