Kiñu Gaztetxeak publiko egin dau VIII. urteurreneko egitarau osoa. Sabadell Banketxearen kaleratze mehatxuei aurre eginda, gaztetxeak ekintzak antolatzen segiduten dau aprilaren 27an Durangon izango dan epaiketearen inguruan. Urteurreneko egun potoloena izango da aprilaren 23a, egun osoan luzatuko da eta ospakizuna.
Hasteko, 12:00etan taldeka egiteko ginkanea egongo da herritik zehar, Kiñu Gaztetxean hasita. Hau amaituta, bazkaria egingo dabe eskoletako aterpean. Txartelak Igorreko Axular Herriko Tabernan dagoz zazpi eurotan salgai. Aukera beganoa be eskatu daiteke, txartelak erosteko atzen eguna eguena izango da, hilak 21.
Arrastian barriz, bozgorailuak izetu eta txarangeagaz ibiliko dira herriko giroa berotzen 18:00etatik aurrera. Amaitzeko, gaztetxean hiru talderen kontzertuak egongo dira. Oholtzan lehena izango da Algortako Arene 6 punk-oi! taldea. Gero, Gazte Maketa Lehiaketaren 30. edizinoa irabazi dauan Silitia bikoteak girotuko dau gaztetxeko aretoa. Gaua, Aiaraldeko Soinu Sistema kolektiboaren dub musikeagaz amaituko da.

Hile osoko urteurrena
VIII. urteurrena ez da aprilaren 23an bakarrik ospatuko. Egitaraua hilaren 9an hasi zan, Lemoatxara egin eben martxeagaz. Bariku honetan be, hilak 22, taberna lez zabalduko dabe gaztetxea, Pantx Records kolektiboaren musikeagaz. Bestetik kaleratzea gertatuko dan ebazteko epaiketea izango dabe hilaren 27an. Amaitzeko, 30ean Eskean Kristö eta Kurkuma taldeak egongo dira Kiñun.