Memoria historikoa

85 urte bete dira faxistek Igorre bonbardeau ebenetik

Asier Abrisketa 2022ko apirilaren 7a

Bonbak Igorren jausten.

Aprilaren 6 eta 7 artean, hiru persona hil ebezan gitxienez: Osita Fano Urrutia, Blasida Pujana Yurrebaso eta Begoña Larrinaga Yurrebaso.

1937ko aprilaren 6 arrastian bota ebezan hegazkin italiarren lehenengo bonbak Igorren, Dimatik pasau ostean. Sei S79 bonbarderok, hiru S81 bonbarderok eta hamar Fiat CR32 ehiza-hegazkinek hartu eben parte Areatza eta Dimarako bideak eta ibilgailuak apurtzeko misinoan.

Halanda be, bonba batzuk Beko Plaza inguruan bota ebezan. Osita Fano Urrutia bi seme-alabakaz egoan han. Indusi erreka bazterrean ostontzerako bidean, bonba batek Osita jo eban, seme-alaben aurrean.

Hurrengo egunean be, aprilaren 7an, aurrekoan baino hegazkin gehiago heldu eta kalte larriagoak eragin ebezan, Arratia erreka inguruetako eta Beko Plazako etxe ugari botata.

Egun haretan, 15 urteko Blasida Pujana Yurrebaso eta 5 urteko Begoña Larrinaga Yurrebaso, Juan Aranaren txaletean egozan. Begoñaren ama neskamea zan Aranatarren etxean eta Blasildak umeak zaintzen ebazan. Burdinezko ate eta horma baten artean ostondu ziran, baina metrailak Blasilda hil eta Begoña zauritu eban. Bost urteko umea aprilaren 22an hil zan, zauria gangrenauta.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!