zinea

Mendi Film jaialdiko onena ikusteko aukerea egongo da Igorreko Kultur Etxean

Asier Abrisketa 2022ko martxoaren 30a

Mendiak 1976ko fotograma.

Ganzabal Mendi Taldeak antolatu dau martiaren 31n eta aprilaren 1ean izango dan pelikula sarituen proiekzinoa.

Eguen eta bariku honetan, 19:30etik aurrera proiektauko dira Igorreko Lasarte Aretoan atzen urteko Mendi Film edizinoko pelikula sarituak. Film honeek Action Directe, Mendiak 1976, Amagana, The Traverse eta Black Ice dira.

Martiaren 31an proiektauko dabezan filmak Action Directe eta Mendiak 1976 izango dira. Lehenengoa 16 minutuko pelikula laburra da, Zachary Barr eta Josh Lowellek zuzendutako istorio estatubatuarra. Melissa Le Neve eskalatzaile frantziarraren erronkea kontetan dau, izan be Action DIrecta 9a graduko bide ikonikoa osotu eban lehen andrazkoa izan zan.

Jarraian proiektatuko da Luis Arrieta Etxeberriaren Mendiak 1976. Ordu eta erdiko pelikula honek euskaldunok igondako lehen zazpimilakoaren espedizinoa kontetan dau, Iruñeako gazte batzuek Afganistaneko Shakhaur (7. 116 m) mendia igon ebenekoa. Gailurretik bajatzekoan, istripu bat dala eta kide bat hil zan, eta beste bat larriki zauritu. Ikusleen saria jaso eban pelikula honek.

Hurrengo egunean barriz, Itziar Zabala eskalatzaile dimoztarraren gaineko Amagana filma proiektauko da. Jon Goikoetxea eta Iker Larrañagak zuzendutako istorio laburrak euskerazko pelikula onenaren saria jaso eban.

Gero, Ben Tibbettsen The Traverse film frantziarra proiektauko da. Valentine Fabre eta Hillary Gerardi, goi-mailako atleten erronka kontetan dau pelikulak. Chamonix eta Zermatt lotzen dituan Haute Route ibilbidea geldialdi barik eskiatzen daben lehen emakumeak izateko erronkea hain zuzen be. Epai-mahaiaren saria jaso eban honek Mendi FIlmen.

Amaitzeko, Zachary Barr eta Peter Mortimerrek zuzendutako Black Ice filma proiektauko da barikuan. Eskaladako Film Onenaren saria jaso eban pelikulak Memphis-ko auzune pobre bateko eskalatzaile beltzen abenturea kontetan dau, Montanako negu sasoian.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!