Martiaren 18an, 20:30ean, Maria Goiricelayak sortutako Altsasu, La dramática errante konpainiaren antzezlana, ikusteko aukerea egongo da Lasarte Aretoan. Obrea fikzinoa bada be errealidadean dago oinarrituta istorioa. Holan, Altsasu kasuko epaiketako lekukotza batzuen transkripzinoak eta prensan, hedabideetan eta sare sozialetan agertutakoak jasoten ditu.
Egoitz Sanchezek, Ane Pikazak, Nagore Gonzalezek eta Aitor Borobiak egiten dabez aktore lanak, Maria Goiricelaya egilea eta Eider Zaballaren zuzendaritzapean.
Altsasu kasua
2016ko urri bigarrenaren 15eko gauean istilu bat gertatu zan Altsasuko (Nafarroa) Koxka taberna parean, herriko hainbat bizilagun eta Guardia Zibil agente bi eta euren bikotekideen artean. Emaitza, atxilotu bi eta apurtutako orkatila bat; tenientearena. Liskarrak jasotako arreta mediatiko masiboaren ostean, kasua Estadu-arazo bihurtu zan Euskadiko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak gertakariak Audientzia Nazionalaren aurrean salatu ebazanean, nahiz eta ikerketak ordurako Nafarroako epaitegietan bere ibilbidea izan.
Kolektibo honek terrorismo salaketea egin ostean, zemendiaren 14an, polizia operazino bat ipini eben martxan zortzi gazteren kontra. Ahozko bista 2018ko aprilaren 16an hasi zan eta fiskalak 62 eta 12 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatu ebazan. Epaiketeak ikusmin handia biztu eban, askatasunen murrizketa, "terrorista" adieraren neurribakokeria, eta epaiketa justu bat izateko eskubidearen urraketea mahai gainean ipini ebazalako. Gazteek, urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi bitarteko kondenak izan ebezan atzenean.