Arratia BHI

Klaseak barrakoiean jaso behar izana salatu dabe institutuko ikasleek

Asier Abrisketa 2022ko mar. 15a, 14:53

Batxilerreko 1Ako klasekideek salatu dabenez, barrakoiak ez dauz klasea emoteko baldintzak beteten eta zuzendaritzearen erantzun ezaz be kexau dira.

Arratia BHIko batxilerreko 1A klaseko ikasleek ikasturte ia osoa egin dabe institutuko patioan ipini zan barrakoian. Honeen ustez, ikasgela honek ez dauz hezkuntza duin baterako baldintzak beteten. Goizetan, aurretik berogailua izetuten ez danez, lehen orduan kalean baino hotz handiagoa egiten dauala azaldu dabe. Beste alde batetik, ikasleak klasean dagozan bitartean beste batzuk patioan dagozanez barrakoitik golpe eta zaratea entzuten da. Ez patioan bakarrik, gimnasia orduetan be jasoten dauz barrakoiak golpeak, baloikadenak adibidez.

Pasau dan urri lehenengoan, astegoienean barrakoiko ateak apurtuta eta barruko guztia nahastuta agertu ziran. Orduan mobidu ebezan ikasleak "ikasgela normal" batera, baina lehen ebaluaketea amaitu orduko bueltau ziran barrakoira. Oin, barriro agertu dira leihoetako barroteak apurtuta. Ikasleen kezka da, edonor sartu daitekeanez "liburu eta gauza guztiak" lapurtzea. Momentu honetan, irakasleen jangelan ixten dabe materiala, eta goizero joan behar dira eguneko liburuen bila.

Zuzendaritzearen erantzuna

Ikasleek BEGITUri emondako azalpenetan, barrakoira bueltatzerakoan arrazoiengaitik galdetu eta "persona bakotxak gauza desbardin bat" esan eutsielako kexau dira; beste klasea behar zalako, txarto portatzen diralako eta zikinak diralako, besteak beste.

BEGITUri barriz, zuzendaritzeak azaldu deutso eraikineko klasea musika emoteko behar dala eta momentuz, ez dagoala beste klase librerik. Arazo hau oindino proiektua dan eraikina handitzeko obreagaz konpontzea espero dabe.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!