Lana

Igorreko Velatia taldeko lantegian behin-behinekotasunak dakarren prekariedadea salatu dau LABek

Asier Abrisketa 2022ko mar. 8a, 11:56

“Lotsagarria iruditzen jaku 500 milioi euro baino gehiago irabazten dituan enpresa batek %30 inguruko behin-behinekotasuna izatea."

Igorreko Velatia taldeko lantegiko aldi baterakotasun handia salatu eta urtenbideak exijiduteko, Langile Abertzaleen Batzordeak mobilizazinoa egin eban martiaren 3an, Bilbon. Lan Ikuskaritzaren aurrean alkarretaratu ziran eta salaketa bat aurkeztu eben bertan. Izan be LAB sindikatuaren arabera, legez kanpoko egoerea da eta balditza horreek, prekaridadera kondenatzen dauz langileak.

Igorreko lantegian, guztira dagozan 500 langiletatik 150 baino gehiago dira behin behinekoak, heren bat gitxi gorabehera. Igorren, Velatia hiru enpresatan bananduta dago (Tecnichapa, Ormazabal eta OPA), eta behin-behineko langileen kopurua enpresa bakotxeko langileek egin dituen burruken araberakoa dala dino LABek. Hau da, burruka gehiago egin dan lantegietan alde baterako kontratu gitxiago egiten dira, edo honeek finko bilakatu.

"Adibidez, Tecnichapan, enpreseak behin-behineko langileen %60ren finkatze prozesua hasi dau, plantillako burruken ondorioz. Taldeko beste enpresa batzuetan, ostera, kontratu finkoen kopurua hutsaren hurrengoa da. Ormazabalen, adibidez, behin-behineko 9 langile finko bihurtzeko proposamena egin dau, eta 90 dira behin-behineko langileak guztira” dinoe sindikatutik.

LABen arabera, enpreseak irabazi handiak ditu. “Lotsagarria iruditzen jaku 500 milioi euro baino gehiago irabazten dituan enpresa batek %30 inguruko behin-behinekotasuna izatea. Gainera, atzen urteotan, ekoizpena eta etekinak handitu ahala, behin-behineko langileen ehunekoa handitu egin da, argi eta garbi egiturazkoak diran lanpostuak prekarizauz” salatu dau LABek.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!