Arratiako Eleizak deituta, gerraren aurkako eta Ukrainaren aldeko kontzentrazinoa burutu eben atzo iluntzean Arantzazu, Areatza, Dima, Zeanuri eta Igorreko 80 herritar inguruk, eleizaren esanetan. Kandelak eskuan isiotuta eta "Gerrarik ez!" kartelakaz burutu eben alkarretaratzea isiltasunean.
Bertan, gabon eta uda garaietan Txernobileko umeak jasoten dabezan andrak bik euren kezkaz azaldu ebezan. Batek, oindino ez dau lortu ekarten dauan neskatoagaz kontaktuan ipintea. Besteak barriz, umearen barri izan dau eta hango umeen egoerea larria dala azaldu eban.
Arratiako Eleizak errefujiaduak onartzeko eta Ukrainara laguntza bideratzeko konpromisoa hartu dau. Laguntza hau Bizkaiko Caritasek Ukrainako Caritasegaz alkarlanean gauzatuko dauala azaldu dau.
Ukrainako Gerra
Ukrainan 2014an hasi zan gerra, Donetsk eta Luhansk probintziek osotzen daben Donbass eskualdean. Aurretik, 2013 amaieran Viktor Janukovitx presidentea Europar Batasunagaz merkataritza askerako akordia sinatzera ukatu zan eta honek, europazaleen protestak eragin ebazan, Euromaidan mobimentuari hasikera emonda. Hasikera batean, ez ziran manifestazino jentetsuak izan, baina Europatik jasotako babes mediatikoak gizartearen sektore gehiago animau ebazan protestara. Europazaleak, Janukovitx eta honen inguruko ustelkeriaren kontrakoak eta eskoi-muturreko taldeak batu ziran besteak beste. Azken honeek batzerakoan, Azov Batailoi eta Pravy Sektor talde paramilitarretan antolatuta, hasi zan Maidan plazako protesta indarkeria erabilten. Polizia be, gogor oldartu zan orduan.
2014ko zezeilan, manifestari eta polizien artean 100 hildako baino gehiagoren ostean, Janukovitxek eta oposizinoak 2004ko konstituzinoa berrezarri eta hauteskundeak antolatzeko akordioa lortu eben. Baina talde ultraeskoitiarrek ez eben akordioa onartu eta ultimatuma emon eutsien presidenteari. Honek Kievetik alde egin eta Parlamentuko diputaduek Janukovitx kargubakotze ebatzi eben.
Baina egoera honek beste protesta batzuk eragin ebazan, Ukrainako errusiera hiztun eta errusiar etniakoenak hain zuzen be, eskuin muturrak boterea estatu kolpearen bidez lortu ebala argudiatuta. Krimea, Odessa eta Donbass inguruetan emon ziran protesta eta istilu nagusiak. Krimean, Errusiar Federazinoak peninsulea anexionauta amaitu zan gatazkea. Odessan, gatazkea sarraski baten ostean apaldu zan; ultraeskoitiarrek Sindikatuen Etxea erre eben, barruan errusiarzale ezkertiarrak egozan bitartean, 40 persona baino gehiago hil ziran erreta.
Donbassen barriz, armen bitartez hartu eben errusiarzaleek kontrola. Bertan, Ukrainiako Armadearen eta talde paramilitarren aurkako gerrak bizirik dirau 2014tik. Ordutik, 14.000 persona inguru hil dira, oin arte geldirik egon dan gerra frontean. Baina oin dala aste bi, Errusiar Federazinoak Donetsk eta Luhantsk herrialde independiente modura onartu ebazan. Ukrainako Armadak lurralde honeek bonbardatzen jarraitu eban eta Errusiako Armadak erantzuna emon deutsee atzenean.
Baina Donetsk eta Luhansken defentsan lagundu bakarrik ez, Errusiar Federazinoak Ukraina osoaren aurkako erasoa hasi eban zezeilaren 24an. Bonbardaketa eta inbasinoak, aste bakarrean milioi bat errefujiadu eragin dauz. Hildakoak zenbatzea barriz, gatxa da momentuz, informazino arloan be emoten dalako gerrea, batek puztu eta besteak gitxitu. Informazinoak egiaztatzeko zailtasuna gehitu behar jakoz burruka propagandistikoari, izan be, Europar Batasunean errusiar hedabide garrantzitsuenak blokeau ditue.