Lasarte Aretoa

'Spiderman, no way home' eta 'No somos nada' proiektauko ditue domekan

Asier Abrisketa 2022ko otsailaren 19a

Hurrengo barikuko Irrien lagunak saiorako konbiteak be banatuko dira 17:15etik 18:30era, igorreztarrentzako bakarrik.

Domeka honetan, hilak 20, Spiderman: no way home (Jon Watts, 2021) izango da Igorreko Kultur Etxean proiektauko dan lehenengo pelikulea, 17:00etan. Tom Holland eta Zendaya dira Marvelen atzen istoriaren protagonista nagusiak. Spiderman: far from home pelikulearen osteko filmean, Spidermanen identidadea publiko egiten da lehenengoz. Holan, superheroiak ezingo dau bere bizitza normala aurrera eroan, arrisku asko hartuko dauz eta.

Lehenengo pelikulea hasi eta 18:30ak arte, hilaren 25eko Irrien lagunak saiorako konbiteak be banatuko dira takillan. Igorreztarrek bakarrik batu ahalko dabez dobaneko sarrerak, gehienez bost.

Gero, 19:30ean proiektauko da La Polla Records taldearen inguruko dokumentala; No somos nada (Javier Corcuera, 2021). Agurra emoteko banda mitikoaren bueltan, Evaristo Paramos abesleak atzen 40 urteen errepasoa egiten dau.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!