Aprilaren 14an Zugarramurdin hasiko da Ernaik antolatutako gazte martxea, “Bostehun eta ZUTIK!” lelopean. Hiru egun ostean, Elizondora heldu arte musika emonaldi, berbaldi eta tailerretan hartuko dabe parte gazteek. Aprilaren 17an, Iruñean egingo dan Aberri Egunean amaituko da ekimena. Urtailaren 14an egindako aurkezpenean azaldu eben, “Bostehun eta ZUTIK!” leloagaz Amaiurko gazteluaren setioaren urteurrenari egiten jakola keinua: “zutunik dagoan herria eta zutunik dagoan gazteria badala aldarrikatuko dogu".

Topaketa nazionalaren aurretik, lurralde bakotxean aurkezpen ekitaldi bat ospatuko da. Bizkaian zezeilaren 19an izango da aurkezpena, Igorreko Kiñu Gaztetxean. Osasun larrialdi egoera barik, neurri murriztaile bako lehen astegoiena izanda, giro itzela espero dabe antolatzaileek zapatuan.
Hiru kontzertuk osotuko dabe aurkezpen jaialdia. Hasteko, rap doinuak hasiko dira giroa berotuten 21:00etan, Sigeruban bilbotarrak abestuko dau Pula Gzonek ipinitako musikea. Gero, Iruñeako Leihotikan punk-rock talde beteranoa igongo da oholtzara. Amaituteko, Durangaldeko Gora Etorri taldeko neskek jantzatzeko doinuak ipiniko dabez; eurodance estiloko musikea, baina eurek dinoenez “euskaldunagoa eta baserritarragoa”.
Zapatu honetako jaialdia Baztan kurutzatuko dauan gazte martxearen aurrerapen txikia baino ez da. Izan be, atzen urte bietan ospatu ezin izan zan arren, Ernaik udabarriro batu dauz milaka gazte independista aurreko edizinoetan. Arratian birritan ospatu da topagunea, 2017an Igorren eta 2019an Lemoan.