igorreko ziklo-krosa

Domekan izango da Igorreko Ziklo-krosa

Erredakzinoa 2021ko abe. 10a, 17:56

Igazko etenaren ostean, eta Arratiako Ziklista Elkarteko zuzendaritza barriagaz, domekan, hilak 12, 09:30etik aurrera, Igorreko Ziklo-krosaren 44. edizinoa izango da. Aurten, ez da nazinoarteko txirrindularirik izango, umeak eta txirrindularitza eskolak izango dabe protagonismoa.

Igorren emongo jako amaierea Bizkaiko ziklo-kros eskoletako alebin eta infantilen Txiki Kopa Txapelketeari. Kadeteak eta juniorrak be izango ditue lasterketak. Guztira 500 bat txirrindularik hartuko dabe parte.

Adin bakotxari egokitutako ibilbide desbardinak izango ditue partaideek. "Ibilbidea laburragoa izango da, leunagoa eta kategoria bakotxak bere ibilbidea izango dau. Ez da betiko zirkuitua izango, nagusiena eta gogorra. Kadeteak eta juniorrak zirkuitu gogortxoagoa eukiko dabe alebin eta infantilak baino" azaldu deutso begituri Juan Mari Zurinaga lehengo zuzendaritzakoak.

AZEk zuzendaritza talde barria

Arratiako Ziklista Elkarteak antolatuten dau Igorreko Ziklo-krosa. Sortu zanetik 43. edizinora arte, talde berberak eroan dau aurrera Arratiako ziklismo eskolea eta Igorreko Ziklo-krosa antolatu dau, hainbat urtetan munduko ziklo-kroslari onenak Arratiara ekarrita. Igorreko Ziklo-krosaren 44. edizino hau barriz, alkarlanean antolatu dabe lehengo zuzendaritzeak eta zuzendaritza barriak.

Leire Aurrekoetxea da oin alkartearen zuzendaria eta Mikel Zarrabeitia, zuzendariordea. Bederatzi persona dira guztira, gehienak, txirrindulari eskolako ikasleen gurasoak, eta txirrindulari bi, Mikel Zarrabeitia eta Jose Ramon Uriarte.

Aurtengo ziklo-krosa antolatuteko herriaren erantzun ona ezinbestekoa izan dala dino Aurrekoetxeak, "herritarren parte hartzea oso garrantzitsua izaten da beti, batez be ziklo-krosaren aurreko egunetan, zirkuituaren antolaketarako jentea behar izaten dogulako. Beti eskatzen dogu laguntzea eta erantzuna handia izaten da beti. Aurten be gauza bera gertatu da".

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!