Eretxia

Kiñuren okupazinoaren zortzigarren urteurrena

Kiñu Gaztetxea 2021ko aza. 16a, 18:35

Zortzi urte bete dira gaur, Igorreko gazteriak “Eizu Kiñu” dinamikea landu ostean, Garbeko eraikin huts batean sartu eta okupau genduanetik. Okupazinoa publiko egin eta jaubeagaz tratua egin ostean, herriko eta inguruetako jentea hurbildu zan, adin guztietakoa, eraikina gaztetxe izateko prestatzen. Lan gogorra bai, baina auzolanean ikusi genduan dana dala posible, kolektiboan eginda. Horretan gabiz oindino be.

Kiñu Gaztetxeak sei hileren ostean zabaldu ebazan ateak, aprilean. Herriari gure proiektua erakusteko ekintzaz betetako asteak heldu ziran orduan, herriaren erantzun positiboa jasota gainera. Herritik eta herriarentzat jaioten diran proiektuak jasoten dabe auzokideen berotasuna eta, holan sentiduarazo gaitue arratiarrek. 

Urteokaz Kiñun indarra ez da bape gelditu. Hiru modutan jarraitu dogu herriari bultzada bat emoten. Batetik, aisialdi zein kultura alternatibo eta herrikoia antolatzen. Bestetik, Arratiako eragile sozial, politiko eta ekonomikoak babesten, espazioa eta laguntza eskainita. Atzenik, eta aurreko biakaz lotuta, antolatutako gazteria indartzea da gure helburua. Bihotzetik uste dogulako ezin dala gizarte osasuntsu bat eregi kolektiboan pentsau eta gure artean saretu barik.

Gaur, inoz baino jentetsuagoa da Kiñu Gaztetxeko asanbladea eta aldaketa generazionalagaz batera erronka eta proiektu barriak ipini doguz mahai gainean. Denporeagaz, autogestinoaren baloreetan sakondu eta kapitalismoak eragiten dituan zapalkuntza formen kontrako burrukeak garatzeko helburua daukagu. Baina, hau ez zan posible izango gure aurretik asanbladearen parte izan diranen barik. Zuontzako, eskerrik beroenak gaurko gazteenen partetik!

Oin, Sabadell Banketxea gure etorkizuneko proiektuak zapaldu gurean dabil, eraikina husteko ahaleginetan. Epaitegi, polizia eta bankuetatik ez dogu ezer espero, baina bai herritar eta Euskal Herriko gazte asanbladen partetik. Horregaitik hartu dogu Kiñutik ez mobiduteko ebatzia. Instituzinoek ikasle eta langileon beharrizanak jagoten ez badabez, aberatsenen eraikinak okupatzen jarraituko dogu. Ez dogu euren sobrak jasoteko itxarongo!

Gora okupazinoa! Gora Kiñu Gaztetxea!

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!