Maratu gazteria zerbitzua

Gazteentzako scaperooma egongo da Gau Baltzean

Asier Abrisketa 2021ko urr. 26a, 11:01

Maratuk eta Zaztaparrak Asti Taldeak, Igorreko Udalaren laguntzeagaz, antolatu dabe hilaren 29an Kiñu Gaztetxean 19:00etan zabalduko dan scaperooma. Gaur amaituko da 688 898 765 telefonoan izena emoteko epea.

Gau Baltza, edo Arimen Gaua, 1950. hamarkadara arte ospakizun garrantzitsua zan Euskal Herrian. Historialari eta lekukoak dinoe etxean kalabazak hustu eta suagaz argitzen ebezala, eta gazteak mozorrotuta ibilten zirala kaletik jentea bildurtuten. Oin askok uste dabe ohitura hau ameriketatik inposatuta datorrela, baina ez da egia, jai bardintsuak zirean oin dala ez hainbeste urte.

Ohitura honen bueltan, Igorreko Maratu gazteria zerbitzuak scaperooma antolatu dau gazteentzako Kiñu Gaztetxean. Jolas edo proba honetan, gazte taldeak zarratutako gela batean egongo dira. Urten ahal izateko giltzea topau beharko dabe, horretarako igarkizunak eta hainbeste buruhausteren pistak jarraituta.

Scaperoomak zabalik jarraituko dau hurrengo hileetan, gazte eta ez hain gazteak be jolasera animau daitezan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!