Igorreko EH Bilduren kontrako lege-neurriak hartzea baloretan dabil EAJ-PNV

Asier Abrisketa 2021ko urr. 1a, 12:28

Pandemian zehar udal zerbitzuetan jarduerarik egin ez eben enpresei, kontratauko zerbitzuak osorik ordaintzea leporatzen deutsee jeltzaleek EH Bilduri. Ordainketa honeek irregularrak izan ahal dirala dinoe, Bilduk barriz, "beharginak ez kaltetzeko" ebatzi eban kontratuak mantenidutea.

Igorreko EAJ-PNVk egindako ordainketak ageriko egiteko exijidu deutso Udalari. Izan be, uste dabe COVID-19aren ondoriozko eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko hartutako neurriei buruz, Martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuan adierazotakoaren aurkako ordainketeak egin dauzala Udalak.

Jeltzaleek prensa-oharrean salatu dabe, Udaleko gobernu-taldeak uko egin deutsola hori ageriko egiteari, gaiari buruz galdetu jakonean: “2020ko bagilean, Igorreko EAJ-PNVk gaia mahai gainean ipini eban alarma egoerea hasi zanetik egindako lehenengo Ogasun Batzordean, baita ondoren izandako batzorde guztietan be. Gainera, 2021eko zezeilaren 8an, honako hau eskatu zan idatziz: enpresa horreei egindako ordainketen legezkotasunari buruzko txosten juridiko bat, eta gai horreri buruzko ebatziak hartzeako ardura eben karguak identifiketea".

COVID-19a agertutakoan, Illart Gumuzio Igorreko alkatearen arabera, “enpresen kontratuak mantenidutea ebatzi zan, beharginak ez kaltetzeko. Beranduago atera zan zer pagau ahal zan eta zer ez ebazten eban kontratua”. Gero enpresokaz negoziazinoetan hasi zirala dino alkateak likidazinoan dekretura egokituteko asmoagaz, “jakinda konponduko zala, berme moduan fiantzea dago-eta”.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!