Oindino ez da lortu, eguraldia dala eta, Igorreko Uda Kulturala frontoian ospatutea. Halanda be, astegoien honetan denporea hobetuko dala dinoenez, ikuskizunakaz kanpoan gozatutea espero dau Igorreko Udalak. Astegoiena emonaldiz beteta dator bariku, zapatu eta domekan.
Barikuan, garagarrilaren 16an, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Oihana Iguaran bertsolariak egongo dira Igorren. Ez da kasualitatea bertso saio musikatuaren emonaldia ospatuko da. Idoia Anzorandia izango da gaiak emoteko arduraduna eta musikea Gari Otamendik eta Ixak Arrutik ipiniko dabe.
Garagarrilaren 17an, zapatua, Nikotina rap abeslari gaztearen kontzertua egongo da. 19 urteko abeslaria 2016 urtean hasi zan rapeatuten eta indarra hartu dau azkenengo urte bietan reggae eta dancehall estiloak be nahastuten. Ezaguna egin dan Kondorraren hegaldia kantea da laster aurkeztuko dauan disko barriaren aurrerapena.
Hurrengo egunean, domekan, dator Iñigito Txapelpunk, oingoan umeentzako ikuskizun bategaz. Abeslari modura ezagun egin ostean, idazten hasi zan oin dala urte batzuk eta ipuin horreek antzeztuko dauz Igorren, Txiki handia zara ikuskizunean. Emozinoz, abenturaz eta musikalidadez betetako arrastia pasetako berbea emon dau Iñigitok.