Igorreko Udalaren kudeaketea kritikatu dau EAJk

Asier Abrisketa 2021ko uzt. 9a, 13:28

Igorreko EAJk Goazen Igorre aldizkariaren bigarren alea argitaratu dau eta bertan, Udalaren kudeaketea kritikatu dau. Aurrekontuetako dirua ez agortutea, hauteskunde kanpainan iragarritako lanak ez amaitutea, Kultur Etxe eta kiroldegiaren kudeaketea eta enplegurik ez sortzea dira salaketa garrantzitsuenak.

Eusko Alderdi Jeltzaleak hainbat kritika zabaldu dauz Igorreko EH Bilduren kudeaketea dala eta. Fokua 2015 eta 2020 urteen arteko aurrekontuen soberakinetan ipini dau. Bataz beste, urtero milioi bateko erremanentea egon dala salatu dau oposizioak eta diru hau "proiektu estrategiko edo traktoreak erakarteko" erabili beharko zala argudiatu.

Beste alde batetik, legegintzaldiko bi urte pasatu diranean, hauteskunde kanpainan iragarritako hainbat lan ez amaitutea be salatu dabe Igorreko jeltzaleak. Honeen artean dagoz gaztegunea, Gezalako oinezbidea, kiroldegiko lanen bigarren fasea, auzoetako zoladurearen barriztatzea eta errekako aisigunea. Gainera, Kultur Etxearen eta kiroldegiaren kudeaketearen inguruan "zalantza handiak" daukiezala eta enplegua sortzeako partidarik ez dagoala gehitu dau EAJk.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!