Astegoieneko partiduak eguenean hasi ebazan San Mateo torneoan. Aldaik eta Nahia Bertizek osotutako bikoteak 22-21 irabazi eutsan Irati Benito eta Nora Mendizabalek osotutako bikoteari. Bigarrena barikuan jokatu eban Udako Urrezko Ligan eta Lopez de Ocariz-egaz batera, Benito eta Ozaeta 22-12 garaitzea lortu eban dimoztarrak, oingoan atzelari zala.
Zapatuan repeskatua izan dan Udako Torneoko finalaurrekoa jokatu eban Erasunegaz batera eta oingoan bai, irabaztea lortu eban. Ibarrola eta Oses pelotariek osotutako bikoteari 22-12 irabazi eutseen Aldaik eta Erasunek eta, holan, finalerako txartela lortu eban. Finala datorren domekan, hilaren 27an, Sopelako frontoian jokatuko dau Aldaik Erasunegaz batera, Etxegarai eta Bergara pelotarien kontra.
Astegoienari amaierea emoteko, Irati Benitogaz batera, Hiru Hiriburuak torneoko lehenengo partidua jokatu eban Aldaik. Hemen be 22-10 irabazi eta finalerdietara joateko txartela lortu eban dimoztarrak. Aldaik BEGITUn adierazo dauanez lau partiduetan oso gustura sentidu da, bai atzean jokatu dauanean eta bai aurrean jokatu dauanean be. Bere burua oso sendo eta fin ikusten dau eta hori pasau dan astegoieneko partiduetan ikusi zala argi itxi dau.