Otxandiokoa dan baina Dimako Txumuluxueta klubean dabilen Ainhoa Ruiz de Infantek Antton Pebeten omenezko Santio Txapelketako finala jokatu eban domekan Villabonan. Atzenaldian txapel gehienak etxera eroaten dituan Enara Gaminde izan eban lagun txapelketan eta Zabaleta-Capellanen kontrako finalean lan handia egin baeben be, 22-14 geratu zan markagailua aurkarien alde.
Bizkaitarrak hasi ziran irabazten baina partiduaren lehenengo zatia oso bardintsua izan zan. Bardinduta markagailua baina partiduak aurrera egin ahala, Zabaleta eta Capellan indarra hartzean hasi ziran eta hamalauna ipintea lortu eben. Hortik aurrera, Gaminde alderik alde izan eben eta bizkaitarrek ez eben lortu tantu gehiagorik egitea. Beraz, 22-14 geratu zan norgehiagokoa.