Martiaren 8an banatu ziran Agurainen Emakume Master Cup zirkuituko aurtengo Binakako Txapelketa Nagusiko finalerako txartelak. Finalaurreko biak jokatu ziran bata bestearen atzean. Lehenengoan Olatz Arrizabalga eta Arrate Bergara urten ziran garaile, 22-14, Ainhoa Ruiz de Infante eta Nora Mendizabalen kontra. Bigarrenean barriz, Alize Sagardui eta Enara Gaminde, Amaia Aldai eta Miriam Arrillagaren kontra nagusitu ziran, 22-12. Holan, ebatzita geratu da martiaren 22an Eibarreko Astelenan jokatuko dan finala: Arrizabalaga-Bergara eta Sagardui-Gaminde.
Aldaik BEGITUn azaldu dau partidu “gogorra” izan zala: “Eurak gu baino hobeto ibili ziran eta ezin izan genduan finalerako txartela lortu”. Sagardui eta Gaminde gazteek ez eben opari bat be ez egin eta beteranoak saiatu eta saiatu ibili arren, partida erdian zortzi tantuko aldea izanda, 11-3, sano gatx egin jakien Aldai eta Arrillagari hurbildutea.
Euskal Ligako txapeldun
Binakako Txapelketa Nagusiko finalaurrekoaren bezperan, Aldai eta Gamindek Euskal Ligako finala jokatu eben Arrasaten, Arrizabalaga eta Bergararen kontra eta honetan bai, Aldai eta Gamindek eroan ebezan txapelak. Set bira jokatu zan partidua eta Aldai-Gaminde bikoteak 10-3 eta 10-6 irabazi eban, garaipen garbia eta Aldaik kontauta, “oso ondo jokatuta”.