Abel Ariznabarreta (Dima, 1952) historialari eta etnografoak Burdinoletako gabi-hotsa Diman (1440–1875) liburua argitaratu eban 2025 akaberan Antzasti museoagaz batera. Lan honek, XV. eta XIX. mendeen artean Diman dokumentauta dagozan bost burdinolen historia azaleratuten dau, bai eta honeen jaubeak ziran podere-familia arratiarren historia.
Liburua Antzastin urrietatik eta Durangoko azokan be salgai egon dan arren, lana lehenengoz aurkeztuko dau bihar, martiaren 6an, barikua, Abel Ariznabarretak jente-aurrean. Eskolako kamaran egingo da aurkezpena 19:00etatik aurrera, eta Andoni Egaña bertsolaria eta Gari Otamendi musikaria izango ditu lagun. Holan, Ariznabarretaren liburuaren gaineko azalpenak eta burdinolen historiako kuriosidadeen kontaketea, Andoni Egañaren bertso eta Gari Otamendiren bibolin doinuakaz tartekatuten joango dira, Ariznabarretak berak BEGITUn aurreratu dauanez.