ALKARRIZKETAK

'Burdinoletako gabi-hotsa Diman (1440–1875)'

Asier Abrisketa 2026ko otsailaren 4a

Abel Ariznabarreta historialari eta etnografo dimoztarragaz alkarrizketea, Dimako burdinolen eta honeen jaube ziran familien historia batu dau bere atzen ikerketan.

Abel Ariznabarreta (Dima, 1952) historialari eta etnografoak Burdinoletako gabi-hotsa Diman (1440–1875) liburua argitaratu dau Antzasti museoagaz batera. Lan honek, XV. eta XIX. mendeen artean Diman dokumentauta dagozan bost burdinolen historia azaleratuten dau, bai eta honeen jaubeak ziran podere-familien historia. Indusin, Atreminen, Ibarran, Artzubin eta Ziarrustan egon ziran burdinolak eta ziurrenik beste bat be, Zamakolan. Honeen jaube izan ziran Urretxa, Urizar, Asua, Letona, Ziarrusta, Goienola, Olabarri, Bernaola, Azkarate eta Zamakola familiak eta euren ibilbidea jarraituten dau, landa-oligarkia izateik, XIX. mendeko gerra eta Espainiako Inperioaren gainbeherea izan zala ta, burdinolak etekingarriak izan ez eta politikara saltu egin ebenera arte. Zoritxarrez, gaur egun errastu gitxi dagoz baina egindako dokumentazino lanak industria ha zelangoa zan erakutsi eta pasadizo bitxi batzuk be azaleratu dauz.

Zergaitik aukeratu dozu Dimako burdinolen gaia?

1980ko hamarkadan Diman, hasi genduan herrian ikerketa etnografiko bat burutzeko proiektu bat. Lehenengo hasi ginan galtzeko zorian egozan gaiak hartuaz, esate baterako linoa lantzeko prozesuarena eta. Gero, holan segidu genduan eta 1987an errotei buruzko lana egin genduan; lana eta erakusketea bebai. Eta erroten gaia nahiko lotuta doa burdinolakaz. Ez genduan orduan landu, baina informazino batzuk jaso bai. Gero, oin lau urte atera nebanean Auzo bizitza Diman (1800-1936) liburua, agertuten jatazan burdinolen inguruko dokumentuak, guzti hori artxibau eta ordenetan joan nintzan. Ikusi neban baegoala gai bat. Ez bakarrik Dimako bost burdinolen historia idazteko modukoa, baina bai testuinguru zabalago bat hartuta.

Hartu dodana da 1440tik. Zergaitik urte hori? Ba bueno aurretik be burdinolak baegozan Bizkaian eta seguruenik baita Diman be. Baina urte horretan egiten dana da burdinolak araututeko egoan araudia, ohiturazkoa eta ez idatzia, idatziz jaso: Bizkaiko eta Enkarterrietako Burdinolen Forua.

Eta zergaitik amaituten da ikerketea 1875ean?

Bueno arrazoia argia da. Urte horri, Bigarren Karlistaldia amaituten dan momentua da, hemengo burdinolen krisia etorri zan. Ia ikusten dogu, Iturrizak berak eta historialari klasikoek esaten dabe fetxa horretarako Bizkaiko burdinolak zelango egoeran egon ziran. Eta Dimakoak konkretuki, esaten da danak jausita dagozala, ez dagoz funtzionamentuan.

Produkzinoa zer joan zan Bilboko industrietara?

Hor pasetan dana da Bizkaiko burdinolen krisia XIX. mende hasikeran hasi zala. Bizkaiko burdinolen historiako momenturik gorenena egon zan lotuta, asko, kanpoko merkaduari; Ameriketakoari. Hau lotuta dago Espainiako gobernuak Ameriketan euki eban politikeagaz. Momentu baten, merkadu hori galtzean da. Bizkaiko burdina pribilejiadua zan, zelanbaiteko monopolioa eukan burdin hori Ameriketako merkaduan saltzeako. Hori galtzea kolpe gogorra izan zan. Kontuan hartu behar da bebai, XIX. mendea gatazkatsua izan zala, gerrak segiduan dagoz. Konbentzinoaren Gerra dala, frantzesen inbasinoa dala, Karlistaldiak… Momentu gogorrak dira burdinolentzako. Alde batetik zailtasunak daukiez kanpoko merkadura urtetako baina beste alde batetik, zailtasunak daukiez mea bera be hona ekarteko. Ze klaro mea (burdin minerala) Arratiara ekarri egin behar da, hemen ez dago nahikorik burdinolak elikatuteko. Ekarri behar da Somorrostrotik, Meatzaldeatik eta alde horretatik. Lehenengo Bilbora eroan, han egozan almazenak eta gero gurdiz ekarten zan minerala burdinoletara. Orduan klaro, gerra garaian, Karlistaldietan, horrek eten bat suposatuten dau hemengo burdinolentzako.

Gainera, Europatik datorren barrikuntza teknologikoari aurre egiteko gaitasunik ez daukie. Hemengo burdinolen jaubeek ez dabe euki barrikuntzarako joera handirik. Barrikuntzak bai, baina beti eskema zaharrean. Europan teknologikoki beste eskema batzuetan ikusten dira eta hori ez zan hemen aplikatu. Faktore guzti horreek eragiten dabe XIX. mendeko beherakada edo krisialdia.

Orokorren zelango indarra izan eben Dimako burdinolek? Beste leku batzutan baino gehiago?

Dimak badaukaz faktore oso inportanteak, aldeko faktoreak. Alde batetik, Dima zabala da, Zeanuri eta Dima izan ziran elizate historikoetatik Bizkaian zabalenak. Gero, azalera horretatik asko dira basoak. Egurra ezinbestekoa da ikatza egiteko eta horregaz burdinolak elikatuteko. Ura be oinarrizkoa da. Dima goian, ia 500-600 metrotik (Zumeltzatik) hasten da eta behean, Igorregaz bat egiten dauan lekuan errekea 100 metrotara dago. Hau da, kilometro gitxitan desnibel handia. Horrek erraztu egiten dau bere erabilerea. Horregaitik izan doguz dokumentauta daukaguzan gitxienezko bost burdinola horreek, hogei bat errota eta argindarra sortzeako hiru zentral.

Faktore geografikoak dira baina euki dogu iniziatibea bebai. Iniziatibea nondik? Ba bueno liburuaren lehenengo zatia azalduten dodana da Arratian zeintzuk ziran XIII. mendetik datozen nekazal giroko eliteko familia. Horreek izango dira burdinoletan inbersinoa egingo dabenak, burdinolen jaubeak atzen baten.

Familia poderetsu horreek pisu handia daukie liburuan. Nondik dator aberastasun hori eta zelan buztartu eben podere ekonomiko eta politikoa?

Arratian badagoz familia batzuk XIII. eta XIV. mendetik datozanak, Zeanuri eta Diman esaterako, oso nabariak diranak. Gero, euren artean elikatu egiten dira, batez be ezkontza bitartez. Endogamia ez neuke esango baina badaukiez euren arteko estrategiak esparru zarratu bat sortu eta euren artean elikatzeko. Maiorazgoen loturen bitartez, patrimonio hori mantenidu egiten dabe beti, ez banatuteko. Holan indartu ziran. Zeintzuk dira familia horreek? Abendañotarrak Arratian aurretik datoz baina gero hasten dira, esaterako Urizartarrak Diman; Urizargo dorretxeko jaubeak. Horreek ezkontza bitartez lotuta dagoz Altzibartarrakaz, Elexabeitiakoakaz, Ugartekoakaz… Gero, beste familia inportante bat dira Ziarrustatarrak. Honeek be lotuta dagoz Ugarte eta Elexabeitikoakaz. Gero Ugarte horrek lotzean dira Letonatarrakaz… Gero Urizartarrak ezkontza bitartez be lotuko dira Asuatarrakaz eta Urretxatarrakaz. Horreek dira Dimako bost burdinoletako jaubeak. XVIII. mende bukaerarantza eta XIX. mende hasikeran. Indusiko burdinolako, bai Atremingo, bai Ibarrako, bai Artzubiko eta Ziarrustakoaren jaubeak izango dira. Artzubikoak momentu baten apur bat desbardina da, ze hor sartzen dira kanpotik datozen Azkaratetarrak; erosketa bidez egingo dira burdinolagaz. Indusikoan be, familia tradizional horreetatik aparte, sartzen dira hazten dabizan beste familia batzuk: Bernaola, Olabarri, Goienola…

Esan dozun moduan, horreek gero emongo dabe saltua politikara. Noz? Ba ikusten dabenean burdinolak ez dirala etekingarriak. Ordurako kokatuten joan dira, postuak hartzean, bai herri mailan baina baita diputazinoan be. Esate baterako, badaukagu Simon Bernardo Zamakola bera, eta bere anaia… Ez bakarrik hemen, Madrileko Gortean be kasu batzutan. Gero Letonatarrak dagoz… diputazinoko buru izan ziran. Edo momentu baten, Zamakolaren biloba bat, Ingunza Zamakola, izan zan Bilboko alkate birritan. Badago progresino bat, nekazal giroko elite izatetik pasetan dira burdinolen industriara eta hau beherantza doanean, pasetan dira politikara. Liburuak erakusten dau ibilbide gorabeheratsu hori, baina lineala.

Abizen horreek sano ezagunak dira Arratian, oindino be badira burgesiaren parte?

Ez, kontzeptu hori apurtu egiten da Antxinako Erregimenaren eta Erregimen Barriaren arteko ahustura horretan, XIX. mendearen hasikeran, Frantziako Iraultzearen ideologia datorrenean eta. Horregaz, Bizkaian burgesia barri bat sortzean da, ez dira hainbeste landa-eremuetako eliteak. Zamakola esaterako, burgesia barri horren auka egongo da, aurrez aurre; horren adibide garbia da Zamakolada matxinadearen kasua. Burgesia barri hori ez da hainbeste elikatzen baso, etxe eta burdinolen errentetatik; baizik eta merkataritzatik. Familia batzuk politikara pasau ziran eta beste batzuk, Bilboko merkataritzara be. Gaur egungo burges familiak gehiago datoz hortik. Beste batzutan badaukie loturea besteakaz be, Zamakolatarrak adibidez, momentu baten lotuko dira Ybarratarrakaz. Badakigu Ybarra familia zelangoa izan dan, eta dan oindino, Bizkaian eta testuinguru zabalago baten be.

Familia horreek ez ziran burdinoletan beharren ibiliko, zelan imajinau behar dogu Dimako burdinola bateko lan-giroa?

Burdinola bera normalean errentan egoten zan. Egoten zan jaube bat, baina persona bat errentamenduan eta horrek hartzean ebazan gero langileak, langile espezializau batzuk; bat, bi, hiru… Gero beste kontu bat da zenbat jentek egiten eban lan burdinolarako. Esate baterako karreteruak edo basoan ikatza egiten egoten ziranak. Ikazgintzea Diman, momentu hareetan eta geroago be, izan da oso lanbide arrunta. Kasu batzuetan burdinola bera bi personari errentauta be egon zan eta alkarbanatu egiten eben, egun batzuk batek eta beste egun batzuk besteak lan egiteko.

Langileen inguruko hainbeste informazinorik ez dago ezta?

Ba begira errolda batzuk egiten diranak, XIX. mendean hasten dira zentsu demografikoagoak egiten, eta politikoak batzuetan. Eta badago bat, uste dot 1825ekoa dala, oso zehatza. Hor esaten da ze jente bizi zan Diman, banan-banan, izen-abizenak, adinak, Diman zenbat denpora daroarien, ze ogibide eta abar. Hor agertuten dira batzuk, burdinoletako langile espezializau moduan. Ez dira urrunekoak, kasu batzutan dira Arratiakoak, Zeberiokoak, Mañariakoak, Durangokoak… atzen baten mugakideak diranak. Kanpotik etorritakoak be badagoz baina ofizio oso konkretuetakoak. Baina ingurukoak dira gehienak. Burdinola barruan lanean jente asko ez zan egoten bez, gehiago zan kanpoan. Garraioan adibidez, Bilbotik hona minerala gurdiagaz ekarteko, basoetako ikazgintza eta hau burdinoletara bajatutea… horrek eskatuten eban lanean jente asko eukitea. Bai eta burdinoletan konponketak egiteko arotzak, errementariak… hartzea.

Burdinola horreetatik, gaur egun ze errastu ikusi daitekez? Egin da indusketa arkeologikorik?

Zoritxarrez ez da askorik geratuten. Badakigu non egon ziran eta batzuk, geroago errota moduan erabili izan dira; hori argi ikusten da esaterako Ibarrakoan edo Arzubikoan. Arzubikoan ikusi besterik ez dago zelango antaparak eta dagozan, ikusten da ez dirala errota normal batentzako egindakoa. Estruktura aldetik kriston potentzia dauka, hor egon zan burdinola oso inportantea. Zoritxarrez, lehenengo Karlistadan hori erabili zan polbora fabrika moduan eta lehertu eta suak hartu eban. Ia-ia ez zan errekuperau, ze badagoz dokumentuak 1840ko hamarkadoak oindino erreklamazinoak eskatuten. Baina klaro nori? Ze hori gerran izan zan eta klaro hurrengo diputazinoak esaten eban: “Hori joan zoan!”. Gero ez eban bururik altxau… Esate baterako, Madozen Hiztegi famauan (1845-1850) esaten da Diman lau dagozala funtzionamenduan eta bosgarren bat geldi, suak hartu ebalako; hori da Arzubikoa. Orduan batzuen egiturea -uraren zirkuitua- errota modura berrerabili zan, baina bestela ez da ezebe geratuten.

Indusketa arkeologikoak egitea posiblea litzateke. Nik uste dot interesgarria izango zala planteetan dodan hau: “Egon zan seigarren burdinola bat?”. Nik baietz uste dot ze badago mapa bat, liburuan agertuten dana, Valladolid-en aurkitutakoa, eta hor esaten da Zamakolatik Olabarrira bitartean baegoala kaltze bat, momentu horretan lurrez estalita dagoana eta momentuan soloa zana. Horrek esan gura dau, hainbaten aurretik baegoala bat, nik uste dot Zamakolan egon zala.

Eta burdinolen inguruko dokumentazino lana, zelangoa izan da?

Zorionez, Bizkaian dagoan artxiboa, ia dana digitalizauta dago. Orduan, erabiliaz ikasi egiten dozu dokumentuak aurkituten. Praktikea hartzean dozunean oso erosoa da lan egitea. Valladolid-ekoa bebai, baina bertara joan ezik, suertea izan behar dozu. Han tentatuten zoaz zeuzer topetako, hemendik eta handik begiratuten. Beste kontu bat da dokumentuen egoerea eta honeek irakurteko gaitasuna, XVI. eta XVII. mendekoak batzutan oso gatxak dira irakurteko; letrea bera baina baita dokumentuaren egoerearen arabera.

Dimak daukan txarra edo akatsa da, Dimako lehenagoko udaletxea, eleiz alboan, hainbat aldiz erre zala. Karlistaldi denporatan, 1940an bebai… Orduan dokumentazino asko galdu da, 1835 baino lehenagoko dokumentu oso gitxi daukaguz. Kasualidadez igual, beste hainbaten aipamen bat edo egiten bada Dimari buruz ba topauko dozu. Baina udal aktak esaterako, oso aberatsak izaten diranak, ez dago bape ez. Zeanurik adibidez badaukaz gehiago. Nik askotan erabilten dot Zeanuri ispilu moduan, Dima eta Zeanuri atzenean estruktura aldetik antzekoak dira: kofradien funtzionamentua, basoena, larreen hitzarmenak… 

Irakurleek liburua amaituterakoan, ze idea barneratutea gustauko litzakizu?

Ba datuak asko dagoz, baina datuak erabili behar dira beti ilustratzeko. Bi liburu honeetan, aurrekoan zein oingoan, egin dodana izan da dokumentu originalak bere horretan ixtea; ez dodaz itzuli. Dokumentuak eta transkripzinoak dagozan moduan errespetau dodaz. Zergaitik? Ba uste dot euskeraz bakarrik irakurrita nahikoa dala baina euskeraz irakurritako horren ilustrazino moduan, dokumentuak beste zeozer emoten dauala. Eroaten zaitu zeozelan, testuinguru horretara. Inportantea da ia kapazak garen, gaur egungo mentalidadetik balorau beharrean, momentu horretan kokatutea. Askotan hor jausten gara, epaitu egiten dogu lehen gertatutakoa, gaur egungo ikuspegi eta erosotasunetik; baina goazen momentu horretan kokatuten. Gauzea da, momentu horretako bizitza zer zan eta kasu honetan, burdinolek zelango garrantzia izan eben ikustea. Ze burdinolen inguruan, gizarte osoaren antolaketa bat dago, idea hori atera behar da, eta interesa sortu. Dokumentu bat ikusi eta esatea: “Joe! Eta hau?”.

Esate baterako, burdinoletako jaubeek baeukien pribilejio bat, ikatza egiteko herri-basoetako egurra enkantean urteterakoan, lehentasuna izaten eben. Bizkaiko Foruak beti babestu dau burdinolen funtzionamentua, hori zalako momentu horretako industria eta herrietako ekonomia. Orduan, jaubeek izaten eben lehentasuna baina klaro, eroan bai, baina gero ordaindu behar zan. Hainbat urtetan pilatuten joan ziran zorrak eta zorrak. Lehen esan dodan moduan, momentu baten erre egiten da dokumentazino guztia. Erre zan, ez dakigu zelan. Udaletxetik hasten dira mobiduten eta Bizkaiko agintariengana doaz baina honeek esaten deutsie. “Hori zuen kontua da”. Orduan nora joango dira? Zein zan momentu haretan indar morala eukana? Ba eleiza. Gaur egun eleizaren antolaketea beste bat da, baina orduan Bizkaia Calahorraren elizbarrutikoa zan. Handik emoten da idatzi bat (1741an), Dimako eleizan sermoiaren ostean irakurteko, hainbat domekatan. Irakurtzekoa da e! Esaten dau: “Que así sean muertas y malditas las ánimas de tales personas y echadas con Judas el traidor, que está en lo profundo del infierno (...) Ellos, el pan y carne que comieran, el vino que bebieran, el vestido que vistieran, el calzado que calzaran y las camas que durmieran y las hierbas que pisaran. Vivos los sorba la tierra!”. Hori “la ostia” da e. Halanda be, ez eben ordaindu.

Testua da izugarri aberatsa. Gaur egungo mentalidadetik persona batek hori irakurtea… Baina hortxe egon gara, hortik gatoz.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!