eskupelotea

Rekaldek hirutik hiru partidu irabazi ditu daborduko

Asier Abrisketa 2025ko urr. 20a, 17:18

Barikuan Agirre faboritoa 22-17 garaitu eban Zornotzan eta ligaxkako atzen partidua zapatuan jokatuko dau Salaberriaren kontra Bilbon.

Xabier Rekalde pelotari dimoztarra B serieko 4 1/2 Txapelketako protagonista handia izaten dabil. Izan be, profesionalakaz debutau eta jokatutako hiru partiduak irabazi ditu nagusitasunez. Final-zortzirenetan Joseba Aldaberi irabazi ostean, finalaurrerako ligaxkako lehenengoan Murua garaitu eban. Barikuan Zornotzan jokatu zan ligaxkako bigarren partidua eta Asier Agirre faboritoaren gainetik pasau zan, 22-17 irabazita. Beraz, tantu batzuk egiteko faltan, ia ziurtatuta dauka finalaurrerako txartela. Ligaxkako atzena Bilbon jokatuko dau zapatuan, hilak 26, Iker Salaberriaren kontra.

Xabi Rekaldek BEGITUn kontau dauanez, barikukoa partidu "berezia" izan zan, Zornotzan arratiar asko mobiduten dala-ta. Ha-ta guztiz be, "emaitzan aldetik presino barik" sentidu zan aurreko partidu biak irabazita eta gainera, ondo ezetuten dauan frontoia da Zornotzakoa: "Gustura heldu nintzan partidura". "Badakigu Agirre zelango pelotaria dan, gogorra; hamar urte daroaz profesionaletan eta oso trebatuta dago", holan partidu gogor baterako prestatu zan dimoztarra eta irabazita "oso pozik" urten zan. Oin, hurrengo partidurako "ez lasaitutea" espero dau Rekaldek: "Finalaurrekoa Diman jokatu ahal izateko".

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!