Urri bigarrenaren 11n, zapatua, egingo da aurtengo Zizetan mendi martxa dimoztarra. Aurretiazko izen-emotea astelehenean zarratu zan arren, egunean bertan be egongo da inskripzinoak egiteko aukerea. Frontoi txikian, martxen urtekerak baino 30 minutu arinago, egongo da horretarako postua. Hamalau urtetik azpikoentzako doban da izen-emotea baina besteek hamar euro ordaindu beharko ditue.
Aurten be ibilbide bi prestatu dabez antolatzaileek. Zizetan ibilbidea izango da martxa nagusia, 08:00etan urtengo da eta 21 kilometro ditu. Frontoi txikitik Biteriñora, Artaundik pasauta Pagotxuetara, gero Askorrira eta Inungan eta Oba pasau ostean bueltan egongo dira ibiltariak plazara. Martxa familiarra ostera 10:00etan urtengo da eta 10 kilometro ditu. Bide hau Dimako haranaren beste aldetik ibiliko da, frontoi txikitik San Migel Txikira eta Lamindaotik pasauta bueltauko da bidea plazara.