eskupelotea

Finalerako txartela lortu dabe Aldaik eta Bergarak

Asier Abrisketa 2025ko ira. 22a, 10:05

Urrezko Ligako hiru partiduetatik bi irabazita lortu dabe domeka eguerdian Bermeon jokatuko dan finalean egotea, Ibarrola eta Gaminderen kontra.

Amaia Aldai eta Arrate Bergarak osotutako bikoteak lortu dau Udako Master Laboral Kutxa Torneoko finalera heltzea. Torneoko atzen fasean Urrezko Ligea jokatu da, lau bikoteetako bakotxak hiru partidu jokatuta. Aldai eta Bergarak hirutik bi irabazi ditue eta nahikoa izan da finalera ailegetako. Holan, hilaren 28an Aizane Ibarrola eta Nora Gaminderen kontra arituko dira Bermeoko Artza pelotalekuko finalean, ETB1en ikusgai egongo dana. Lehenengo, 12:00etan, hirugarren eta laugarren postuak ebatziko dira Etxegarai-Capellan eta Zabaleta-Bertizen artean eta gero, final handia.

Urrezko Ligea irabazten hasi eben Aldaik eta Bergarak, Arrizabalaga-Mendizabaleri 22-13 irabazita. Bigarrenean barriz, Ibarrola-Gaminderen kontra aritu ziran eta partidu gogor eta luze baten ostean kale egin eben, 22-20. Holan, atzenenego jardunaldian bai ala bai behar eben garaipena, hilaren 18an jokatu zan Galdakaon partidua, Arraiza eta Capellan aurkari izanda eta garaile urten ziran, 22-13. Holan, Urrezko Ligako bigarren partidua errepikatuko da finalean, beraz, lehia estu-estua espero da Bermeon.

Beste final bat eguaztenean

Udako MLK Torneoan bakarrik ez, Amaia Aldai V. San Mateo Torneoko finalean be egongo da asteon. Logroñoko Adarraga pelotalekuan izango da binakako partidua eguaztenean, hilak 24, 12:00etan. Aldai-Mendizabal eta Zabaleta-Capellan bikoteen artekoa izango da finala.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!