eskupelotea

Malen Lamadrid eta Dorkaitz Meabe dominaz beteta bueltau dira Belgikatik

Asier Abrisketa 2025ko ira. 9a, 10:51

Euskal Selekzinoko jokalari eta entrenatzaileak, taldearen aurkezpen ekitaldian.

Txumuluxuetako pelotari biek Europako Junior Pelota Txapelketan hartu dabe parte, emoitza aldetik irabazle urten dan Euskal Selekzinoagaz.

"Ikaragarria gure gazteek lortutakoa!", adierazo dau Euskadiko Euskal Pelota Federakuntzeak sare sozialetan, izan be, Euskal Selekzino gaztea Ath-en (Belgika) izan da Europako Junior Pelota Txapelketan eta domina gehien lortu dituan taldea izan da. Hamahiru jokalari gaztek eta lau entrenatzailek lortu dabe markea eta euren artean hiru arratiar egon dira. Txumuluxueta klub dimoztarreko Malen Lamadrid eta Dorkaitz Meabe jokalariak eta Lur Ziarrusta entrenatzaileak osotu dabe arratiar delegazinoa.

Guztira hamabi domina ekarri dabez bueltan Euskal Herrira gure pelotariek. Txapelketetan lau urre, bost zidar eta brontzezko sari bat lortu ditue OneWall, Joko Internazionala eta Llargues modalidadeetan. Hamar horreetaz gainera, Manex Etxeberri saratarrak txapelketako jokalari onenaren saria jaso dau eta domina gehien irabazteagatik, selekzino onenaren saria be jaso dau Euskal Selekzinoak.

Meabe eta Lamadrid

Dorkaitz Meabe eta Malen Lamadridek be hiru modalidadeetan hartu dabe parte eta euren aldetik be lortu ditue dominak. Meabek urrezko domina lortu dau Joko Internazionalean eta 10 urtez azpiko OneWallean zein Llarguesean zidarrezko domina bana lortu ditu. Lamadridek barriz, Joko Internazionalean zidarra eta Llarguesean brontzea irabazi ditu. Halanda be, 17 zein 19 urtez azpiko txapelketetan be aritu da eta finalak berak jokatu ez dituan arren, urre bat eta zidar bat lortu dituan taldearen parte izan da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!