arkeologia

Axlorren egindako azterketek neandertalek ehiza planifiketan ebela frogatu dabe

Asier Abrisketa 2025ko uzt. 17a, 10:28

IIIPCk liderautako ikerketa taldea Axlorren /// IIIPC

Oin dala 70.000 urte bertan bizi ziran neandertalek urtaroka antolatuten ebezan euren mobimentuak, animalien eskuragarritasunaren eta harrapakinen migrazinoen arabera.

Kantabriako Historiaurreko Ikerketen Institutu Internazionalak (IIIPC) gidatutako talde batek  neandertalen ehiza ohiturak argituten dauzan artikulua argitaratu dau Scientific Reports aldizkarian. Ondorioztatu dabenez, Oin dala 70.000 urte bertan bizi ziran neandertalek urtaroka antolatuten ebezan euren mobimentuak, animalien eskuragarritasunaren eta harrapakinen migrazinoen arabera. Neandertalak hurbilagotik ezetuteko balio izan dauan aurkikuntza hau, Dimako Axlor aztarnategian jasotako probei esker egin da.

Jesús González-Urquijo eta Talía Lazuenek gidatutako taldeak, teknika bi erabili dauz: haginen mikrohigadura eta adinen estimazinoa. Holan, jakin ahal izan dabe neandertal taldeek neguan ehiza saihesten ebela eta udaberrian, udan eta udazkenean ehiza-partidak antolatzen ebezala. Honegaz ondorioztatuten dana da, neandertalek "biziraupenerako sistema logistiko aurreratuak" garatu ebezala, eta "animalien portaerearen eta ingurunearen ezagutzan oinarritutako lurralde-kudeaketea" Homo sapiens-aren aurretikoa dala.

Glaziazino garaiko ehiza

Axlorren asko dira antxinako animalien topautako errastuak eta IIIPCko ikerlariek hainbat ugaztuten errastuak erabili dabez neandertalen ehiza ohiturak ezetuteko. Oreinak, basahuntzak, bisonteak, zaldiak, orkatzak, sarrioak eta errinozeroak ehizatuten ebezan oin dala 70.000 urte. Axlorreko eta inguruko eremua sano garrantzitsua zan historiaurreko ehiztarientzat,, berbarako, udabarri eta udagoienean bisonte taldeen migrazinoa ingurutik emoten zalako. Gainera, udan Axlor orein eta ahuntzen ehizarako bilgune zala frogatu dabe.

Iberiar penintsulako oin dala 60.000 urteko errinozeroaren irudia, aurkitutako fosiletatik abiatuta.

 

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!