Atzo ebatzi ziran Bilboko Esperantza pelotalekuan aurtengo Emakume Master Cup zirkuituko Master Laboral Kutxa Plazandreak Txapelketa Nagusiko finala jokatuko daben lehenengo finalistak. Binakakoa ebatzi zan lehenengo, non Zabaleta eta Mendizabal 22-18 nagusitu ziran, Arrizabalaga eta Bergararen kontra. Kaiolan ostera, Amaia Aldai pelotari dimoztarra urten zan garaile, 18-4, Maddalen Etxegarairen kontra.
Aldai frontoiaren jabe izan zan atzoko jardunaldian, bere egunik onena izan ez eban Etxegarairen aldean. Holan, garaipen erosoa lortu eban, aurreko urtean lez -orduan binaka- Plazandreak-en txapela janzteko bidea zabalduta. Partidu osteko adierazpenetan, Aldaik bere poza agertu eban: "Urte txarra eta gero, hau behar neban; ez bakarrik finalean egotea, baizik eta partidua sentsazino onakaz amaitutea".
Datorren astean ebatziko da, Itsaso Erasun eta Miriam Arrillagaren arteko partiduan, nor izango dan bere aurkaria garagarrilaren 21eko finalean.