Bagilaren 23an hasi zan Plazandreak eta garagarrilaren 21era arte luzatuko da Bilboko Esperantza pelotalekuan jokatuten dan eta ETB1en jarraitu daitekean txapelketa bikotxa. Zortzi pelotarik binakakoa jokatuten dabe eta beste lauk lau t'erdikoan. Amaia Aldai pelotari dimoztarra lau t'erdikoan jokatuten dabil eta lehenengo jardunaldia irabazi dau, Miriam Arrillagaren kontra 18-16.
Aldai eta Arrillagaren arteko lehia "ikaragarri lehiatua eta ikusgarria" izan zan lekukoen esanetan. Arrillaga hasi zan markagailuan aurrera egiten eta Aldaik, kaiolan txapela gehien dituan pelotariak, atzetik jarraitu eban "uneoro kontzentrazinoari eutsiz, sufriduten jakinda". Arrillagak ondo eutsi eutson defentseari baina azkenean, Aldairen egoera fisiko ona nabarmendu zan eta aurrea hartu ahal izan eban, 18-16ra ailegau arte.
San Fermin torneoan aurrera
Plazandreak-en bakarrik ez, San Fermin torneoan be badago murgilduta Amaia Aldai, oingoan binaka, Arrate Bergaragaz. Lehen fasea gainditu ostean, domekan finalaurreko partiduak ebazteko lehenengo aurrez aurrekoa jokatu zan. Aldairen partez Olatz Arrizabalagak jokatu eban eta Bergaragaz, 22-17 nagusitu ziran Etxegarai eta Bertizen kontra. Bigarren fase honetako bigarren jardunaldia gaur bertan jokatuko da Arbizun: Aldai-Bergara vs. Salsamendi-Mendizabal eta Etxegarai-Gaminde vs. Zabaleta-Erasun.