Zapatu arrastian egin zan Dimako Motor Clubak antolatutako Dimako III. Cross Country-a eta antolatzaileak BEGITUri azaldu deutsienez, sano pozik dagoz lasterketeagaz, motorzaleek herrian sortutako giroagaz zein pilotuen parte hartzeagaz. Aurten, parte-hartze errekorra egon da atzen hiru urteetan egin dan lasterketan, 111 pilotu guztira. Gainera, andra bik hartu eben parte -igaz ez zan bat bez egon eta lehenengo edizinoan bakarra- eta biak saritu ebazan antolakuntzeak.
Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, motorzale zein ikuspera ugari batu ziran zirkuitu zirkularraren bazterretan motorrakaz disfrutau eta pilotuak animetan. "Karrera oso garbia" izan zala azaldu dau Joana Kamiruaga antolatzaileak izan be, ez zan istripu larririk egon eta pilotuei asko gustau jakien zirkuitua: "Datorren urtekoari itxaroten dabiz daborduko".
Sailkapenak
Zirkuituan, ahalik eta buelta gehien emon behar ebezan pilotuek ordu bitan eta denporea pasau eta helmugara heltzean amaituten eban bakotxak lasterketea. Bizkorrenek zortzi bira egitea lortu eben eta honetan azkarrenak Alexander Hidalgo (02:12:13), Alberto Aramburu (02:12:23) eta Lenny Geretzky (02:13:30) izan ziran.
Hainbat arratiarrek be hartu eben parte eta bizkorrena Jon Zuazo izan zan, zazpigarren postuan. Iban Ibarra eta Mikel Gonzalezek osotu eben arratiarren podiuma. Andra bik be hartu eben parte, Irene Beraza eta June Lopez, biak izan ziran sarituak.