Juan Luis Perez Mitxelena, Petti, abeslari nafar ezagunak ibilbide luzea egin dau musikan, bere estilo sano personalagaz. “Springsteen, Johnny Cash, Mark Lanegan, Laboa edo Ruper maite badozuz agian gustura entzungo dozu egiten dodana. Gitarrea landuteko modu berezia erabilteko joerea be badaukat afinazino arraroakaz eta kantu melodiko nahiz esperimentalak jorratzea be gustuko dot” azaldu eban kantautoreak zezeilean begituri emondako alkarrizketa baten.
Kontzertu hau Heldu Kulturari programearen lehen ekintza da. Titi ta Lolo alkarteak, Dimako Udalak eta Liburutegiak alkarlanean, umeen aisialdian arte eszenikoak sartzeako Bariku txiki ipini eben martxan eta oin helduei zuzenduta, Heldu Kulturari abiatu dabe. “Helduei begira sorkuntzako hainbat diziplina ekarri gura doguz herrira: musikea, antzerkia, txotxongiloak, ipuin kontaketak, magia…” jakinarazo eben antolatzaileek. Programa honetako lehen ekintza da Pettiren kontzertua.
Bariku txiki Antxo ta Pantxa pailazoakaz
Egun bi lehenago, oingo barikuan, 18:00etan, Bariku Txikiren programearen barruan, umeentzako jarduerea egongo da. Iker Urtiaga eta Ainara Murgia Antxo ta Pantxa pailazoek, Papertxori antzerki ibiltaria eskainiko dabe frontoi txikitik hasita. Antxo ta Pantxa euren “triziklo magikoagaz” ibiliko dira herrian, magia, musikea, jantzak, jolasak eta hainbat ekintza eskainiz.