onewall

Ziarrusta eta Burgete nagusitu ziran lehenengo Euskal Herriko OneWall Irekian

Asier Abrisketa 2025ko api. 9a, 17:06

Banakako urrea eta zidarra irabazi ebezan dimoztarrek hurrengoz hurrengo. Aurrekoetxea lemoaztarrak eta Olazabalaga dimoztarrak be lortu ditue dominak.

Pasau dan astegoienean Durangoko Ezkurdi pelotalekuan jokatu zan, Rebotean OneWall Klubak antolatuta, Euskal Herriko OneWall Irekia, Euro1Wall zirkuitiko lehen euskal txapelketea izan dana. Zapatuan banakako eta domekan binakako txapelketak egon ziran jokoan eta bertan, 45 pelotari aritu ziran, gizon zein andrak. Euskal jokalariez gainera, arratiarrak tartean, Herbehereetakoak, Irlandakoak, Erresuma Batukoak, Frantziakoak eta Valentziakoak egon ziran Ezkurdin.

Esan moduan, zapatuan banakako txapelketak egon ziran jokoan. Gizonezkoen A mailan, dimoztarrak izan ziran nagusi. Izan be, Lur Ziarrustak urrea eta Jokin Burgetek zidarra eskuratu ebezan. B mailan barriz, Gautegiz-Arteagako Unai Arrizabalagak irabazi eban eta Paul Fitzpatrick irlandarra izan zan bigarren. Andrazkoetan, Marrit Zeinstra herbeherearra izan zan txapeldun eta Miren Larrarte bidaniarra bigarren.

Domekako binakako txapelketetan be egon ziran dominadun arratiarrak. Gizonezkoen A mailan Christian Blackaby ingelesa eta Jurrit Osinga herbeherearra izan zan bikote txapelduna baina zidarra Mikel Aurrekoetxea lemoaztarrarentzako eta Aner Iglesias zaratamoarrarentzako izan zan. B mailan ostera, Ben Devlin eta Jack O'Reilly bikote irlandarrak irabazi eban eta bigarren postua, Gautegiz-Arteagako Unai Arrizabalaga eta Dimako Etxahun Olazabalagarentzako izan zan. Andrazkoen txapelketea Marrit Zeinstra eta Hiske Zeinstra herbeherearrek irabazi eben, Zara Elliot eta Shinan Zhang ingelesen aurka.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!