Zamakola alkarteak antolatuta, Arratiako XIX. mendeko sasoi karlisten gaineko lanketea egingo da asteon Diman, Arratia, Lege Zaharra eta guda izenpean. Asier Perez de Eulate historialari eta guda ikertzaileak gidatuko ditu gaur, hilak 26, egingo dan berbaldia eta zapatuan, martiak 1, egingo dan Ilunbeko bataila guneko bisita gidatua. Pasau dan urtean be, Perez de Eulatek antzeko saioak egin ebazan, Arantzazun.
Gaur, 18:30ean jubiladuen lokalean, egingo dan berbaldian Perez de Eulatek Bizkaiko Foruen historia eta nondik norakoak kontauko ditu, bai eta XIX. mendean honeek defendiduteko egon ziran guda eta matxinadak. Zapatuan barriz, jubiladuen lokalean 09:00etan geldituta, Ilunbera urtengo dira Perez de Eulate eta interesdunak. Bertan, batailea egon zan 1874an eta lubaki karlista zaharrak dagoz ikusgai. Historialariak batailea zelan gertatu zan kontauko dau, baina Burdin Aroko kastroen, Akelarreen eta besteleako gertakarien istorioak be kontauko ditu.