Lur Ziarrusta pelotari dimoztarra Ameriketako Estatu Batuetako Floridan jokatu dan Hollywood Beach onewall txapelketan aritu zan zezeileko lehenengo astegoienean. Txapelketa bi jokatu ebazan eta lehenengo postuetara heldu ez bazan be, pozik agertu da esperientziagaz. Izan be, Ameriketan dagoan onewall maila oso ona da, Europakoagaz konparauta. "Han ehunka jokalari dagoz Europako bost jokalari onenon mailakoan; taktika hobea daukie eta batez be, bikoteka igarten da maila ona", azaldu dau Ziarrustak. Kontuan hartzekoa, Lur Ziarrusta lehena dala gaur egun ranking europearrean.
Zapatuan, hilak 1, Florida vs The World txapelketea jokatu zan eta 90 bikote egon ziran lehian. Danak izan ziran amerikarrak, Lur Ziarrustak eta Oier Hormaetxe lezamarrak osotutako bikote euskal herritarra kenduta. Lehenengo bi partiduak irabazi ebezan baina hirugarrenean (ikusi bideoa), finalaurrekora ailegau zan bikotea urten zan garaile. Domekako txapelketan barriz, bertoko jokalari onenek baino ez eben parte hartu baina lekua egin eutsien Ziarrustari, Tywan Cook-egaz. Beragaz batera, final-laurdenetara heldu zan dimoztarra.
Euskal Herriko Irekia aprilean
Aprilaren 5 eta 6an, Rebotean OneWall Klubak antolatutako Euskal Herriko Irekia jokatuko da Durangoko Ezkurdi pelotalekuan. Europako zirkuituaren parte izango da txapelketea eta edonork emon ahal izango dau izena martiaren 14ra arte rulethewall.com webgunean.