Irati Zabalagaz batera, Amaia Aldai Emakume Master Cup zirkuituko Eskuz Binakako Txapelketa Nagusiaren ligaxka fasea egon da lehiatuten. A multzoko ligaxka fasea jokatu dabe eta atzo jokatu zan hirugarren eta atzen jardunaldia Amezketan. Zabala ezin izan zan Aldairen alboan egon eta honen partez, Bertizek jokatu eban. Baina Goiuri Zabaleta eta Oxue Oses honeen gainetik pasau ziran, minimoagaitik (21-22) irabazita. Holan, ligaxka fasean hirutik partidu bakarra irabazi dabenez (17-22, 22-14 eta 21-22), hurrengo faserako txartela galdu dau bikoteak.
Aldai-Bertiz eta Zabaleta-Oses bikoteen kontrako partidua lehia estu-estuagaz jokatu zan, atzen momentura arte egon zan ebatzi barik aurrez aurrekoa. Partidu hasikeran, Aldai eta Bertiz nagusitu ziran, aurretik 9-0 be ipini ziralarik. Baina leitzarrak eta oñatiarrak ez eben amorerik emon eta jokoan gitxika-gitxika sartu ziran, markagailua orekauta. 21-17ko markagailuagaz partidua irabazita eukiela emoten ebanean, Aldai eta Bertiz barriro ipini ziran martxan eta bardinketea lortu eben baina atzenean, Zabaleta-Osesek eroan eben atzen tantua.
Gauzak holan, Arrizabalaga-Bergara eta Zabaleta-Oses dira A multzotik finalaurrekoetarako ligaxka fasera sailkatu diran bikoteak. B multzoko atzen jardunaldia jokatuteko dago oindino eta Arrigorriagan jokatuko dira partiduak oingo astegoienean.